48 konpainiek desfilatuko dute Donostian 12.00etatik aurrera Danbor Nagusiaren agindupean; aurten Anir Guyenbat izango da, San Jose Ikastetxeko ikaslea eta, ohitura denez, Udaletxeko balkoitik hitzaldia luzatuko die tropei. Ondoan izango ditu desfileko Generala, Alazne Neire Herrador, bere laguntzaile Elaia Pemán Sáenz de Santamaría, baita alkatea ere, Marko Etxezarreta Hermida.

Ikasle donostiarren urteko egunik bereziena are animatuagoa izango da aurten, beren beregi ekitaldirako marraztutako bi irudi berrirekin. Cállate la Boca ezaguneko Oscar Caslaren bi pertsonaia izango dira desfilean, 41 ikastetxetako 4.732 ikasle bilduko dituen danborrada printzipalean. Itxura batean ez da euri arriskurik, hotza bai ordea, eta seguruenik parte-hartzaile batek baino gehiagok indar handiagoz astinduko du danborra berotu asmoz. 

Guztiak Santa Teresa Ikastetxeko ikasleak dira, aurtengo gainerako pertsonai nagusiak bezalaxe: Sofia Novac notarioa, June Carrillo Arroyo herritarra, Naroa Briones Zamora eta Haizea Parra Blacio batelariak, Julen Martín Gómez arrantzalea, Maialen Lozano Lamarain eta Noa Usabiaga Martínez iruleak, Ion Burleigh Arranz artzaina, Ane Etxezarreta Hermida merkataria, Sara Ramos Abad urketaria eta Iñigo López-Para Prieto, azkenik, mandazaina.

Karrozan izango dira aldez aurretik aipatutako bi diseinu berriak, sukaldaria eta urketaria, lehendik bazegoen danborrariarekin bat egin eta desfilean parte hartzen duten gizon eta emakume guztiak ordezkatuz. Haien atzetik joango den kalesan zamaltzain txikiak joango dira: Vega Altuna Fernández, Axel Mancebo Cornejo, Laia Palenzuela Romero, Daniela Pérez Cornejo, Adrián Pla Notario eta Noa Pla Notario.

Desfilean parte hartuko duten 41 ikastetxe eta elkarteez gain, Gaztelubide, Kresala eta Union Artesana elkarteetako Haur Danborraden ordezkariak ere bertan izango dira. Aurten, gainera, Maria Reina Eskolaren lehen desfilearen 50. urteurrena ospatuko da Haur Danborradarekin, hainbat saiakera egin ondoren, 1973an lortu baitzuten haur-konpainia ateratzea.

Hotza, baina euririk ez

Aurreikuspenen arabera, gaur desfilatuko duten txikiek eta haien familiartekoek ez dute zeruari begira egon beharrik izango, aurten ez delako euririk espero. Tenperaturak, ordea, ez omen ditu 8 graduak gaindituko eguerdian, gauean zero gradu inguruan ibili ostean. Litekeena da goizaldean hodei txikiren bat agertzea, gero arratsaldean zeruak estalita amaitzeko.

Gauzak horrela, itxura batean haurrek ez dute inolako eragozpenik izango, urteko egunik politenetako horrekin espero bezala gozatzeko. Eskularruak jantzi, arropa ugari trajearen azpian, eta egun gogoangarriarekin disfrutatzeko unea iritsi da.