Amaitzear dagoen urte honetan zehar ugariak izan dira mugikortasunarekin lotutako obrak, eta batzuk amaitu ere egin dira. Esate baterako, hainbat atzerapenen eraginez ia lau urteko lanen ondoren, joan den azaroan zabaldu zen Astiñeneko zubia.

Mugikortasunarekin lotutako beste zenbait obra, atzeratu ez diren arren, ez dira baldintzarik onenetan ireki. Horien artean legoke Renfek Atotxan duen behin-behineko geltokia; izan ere, joan den azaroaren 28tik, Egiatik baitu sarbidea, Frantzia pasealekutik izan ordez. Behin-behineko geldialdia ezinbesteko urratsa da, egungo geltokia Abiadura Handiko Trenari ere lekua emango dion beste geltoki batean eraldatzeko obrarekin jarraitu ahal izateko. Lan horiek amaitutakoan ingurunea erabat eraldatuko da, trenbidearen gainean plaza bat sortuz. Behin-behineko geltokiak 2024 edo 2025era arte iraungo du.

Kanpotik ikusi ez arren, Benta Berriko topoaren geltoki berria ere amaituta dago, baita trazadura berriaren lehen zatia ere, eta erdiguneko geltokiko zuloaren indusketa lanak ere hasita daude.

Azaleran, Gros eta Egia arteko bide-lotura amaituta dago, behin Iztuetako biaduktua eraitsi eta hiri-eraberritzea amaitu ondoren. Marrutxipi eta bariantearen arteko lotunea eraikitzeko lanak ere hasi dira dagoeneko.

Udan amaitu ziren, baita ere, Zubieta eta San Martin kaleetako zirkulazioaren noranzkoa aldatzeko lanak; halere, Udalak iragarritako Emisio Baxuen Eremua sortzeko hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez da argitu oraindik.