Bertso saioak bueltan dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatutako Adin adin ekimenaAdin adinri esker, 15 zahar-etxetako egoilarrek parte hartu ahalko dute ekintza honetan. Halaxe jakinarazi du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak gaur goizean. Egoitza bakoitzean bi bertsolari arituko dira, eskualde berekoak baina belaunaldi desberdinetakoak.

Ekimen honen helburua adinekoen "bizi kalitatea hobetzea" eta bertsoaren bitartez haien "gaitasuna sustatzea" da. Izan ere, "musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten dizkie", esan du Peñak.

Bihar izango da lehen saioa, Tolosako Uzturre egoitzan eta abenduaren 2an izango da azkena, Zumaiako San Juan egoitzan. Lehengo urtean, pandemia zela eta, egitasmoa bertan behera utzi behar izan zuten; aurten, baina, egoiliarren txertoaren hirugarren dosia hartu dutela eta "egoera epidemiologikoa iazkoa baino nabarmen hobea dela" kontuan izanik, ekimenari berriro ekitea erabaki dute.

Saio hauen antolaketari dagokionez, egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileek aldez aurretik prestatuko dituzte egoiliarrekin batera. Hala, adinekoek gogoko dituzten bertso zaharrak eta kantu herrikoiak zeintzuk diren adierazi ahalko dute eta bertsolariak iristen direnerako, "errezagoa" izango da parte hartzea "aktibatzea".

Bertso saioen egutegia

1. Tolosa. Azaroak 16. Uzturre egoitza. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.

2. Lazkao. Azaroak 17. Txindoki egoitza. Maddi Aiestaran eta Andoni Egaña.

3. Bergara. Azaroak 17. Mizpirualde egoitza. Ainhoa Agirrezaldegi eta Andoni Egaña.

4. Arrasate. Azaroak 19. Iturbide egoitza. Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano.

5. Usurbil. Azaroak 23. Puntapax eguneko zentroa. Ane Labaka eta Sebastian Lizaso.

6. Tolosa. Azaroak 23. Iurreamendi egoitza. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano.

7. Errenteria. Azaroak 24. Jesusen Bihotza egoitza. Alaia Martin eta Andoni Egaña.

8. Azpeitia. Azaroak 26. San Martin egoitza. Juan Joxe Eizmendi "Loidisaletxe" eta Julene Iturbe.

9. Legazpi. Azaroak 26. Santikutz egoitza. Ane Beloki eta Anjel Mari Peñagarikano.

10. Azkoitia. Azaroak 29. San Jose egoitza. Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso.

11. Oiartzun. Azaroak 30. Petra Lekuona egoitza. Alaia Martin eta Jon Martin.

12. Segura. Azaroak 30. San Juan egoitza. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña.

13. Aretxabaleta. Abenduak 1. Debagoiena egoitza. Haizea Arana eta Sebastian Lizaso.

14. Donostia. Abenduak 2. Zorroaga egoitza. Ane Labaka eta Andoni Egaña

15. Zumaia. Abenduak 2. San Juan egoitza. Jon Maia eta Amaia Agirre.