- Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak atzera bota du Gipuzkoako Gizarte Integratzaileen eta Animatzaile Soziokulturaleen elkarteak haurtxokoen eta gaztelekuen kudeaketa egiteko lehiaketari helegitea. Hala, esleipenarekin jarraituko du Udalak eta kontratazio mahaiak jada abenduaren 2an egin zuen zerbitzua Hezi Zerb enpresari esleitzeko proposamena (aurkeztutako bakarra izan zen). Beraz, printzipioz, datozen egunotan onartu beharko luke udal Gobernuak esleipena.

Haurtxokoak eta gaztelekuak itxita daude ekainetik, aurreko kontratua amaitu baitzen. Berria sinatzeko lehiaketa atzeratu egin zen eta, hala, irailean ezin izan zituzten berriro ireki. Pandemiari egokitzeko baldintzak moldatu behar izan zituztela eta horregatik atzeratu zela azaldu zuen orduan Gazteria zinegotzi zen Duñike Agirrezabalagak (Ane Oyarbidek du orain sailaren ardura).

Lehiaketa deituta, gizarte integratzaileen eta animatzaileen elkarteak helegitea aurkeztu zuen, langileei ez zitzaielako formazio berezirik eskatzen. Helegiteak tramitazioa luzatu du, hari erantzun behar baitzioten esleipena egin ahal izateko. Agirrezabalagak berriki esan zuenez, udal Gonbernuak haurtxokoak urtarrilean zabaltzea aurreikusten zuen.

Espazio hauetako eta Etxarrieneko langileak, bitartean, kalera atera dira hainbatetan haur eta gazteentzako baliabide horiek hiru hilabete daramatzatelako jada itxita eta haiek langabezian jarraitzen dutelako. Gabonak Zuretzat programa ere aurten ezin izango dutela haurtxoko eta gaztelekuetan egin kritikatu dute.