Ariguneak euskaraz lasai aritzeko
Donostian 100 entitatek eman dute izena jada Euskaraldian
- Aurtengo Euskaraldian hastear den honetan, Donostiako 100 entitatek eman dute jada izena. Horietako guztietan ariguneak sortuko dituzte, euskaraz lasai aritzeko guneak edo espazioak, hain zuzen ere.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra antolatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta, norbanakoez gain, entitateek ere parte hartzeko aukera izango dute. Aipatutako ariguneak izango dira berrikuntza nagusia: entitate barruan dauden hiztun taldeak biltzen dituzten espazioak, alegia. Izan ere, arigune horretan kide guztiek euskara ulertzea ezinbestekoa da, eta gehien-gehienak ariketa egiteko prest egotea ere bai. Kide horien guztien "adostasuna" oinarri dutela azpimarratu du Donostiako Udalak eta hemendik aurrera ere hirian entitate gehiago animatu ditu pausoa eman eta ariguneak sortzera.
Aipatutako espazio horiek barne izaera edo kanpo izaera izan dezakete. Barne ariguneek entitatearen barruko funtzionamenduan dute eragina: lantaldeak, batzarrak, bilerak... Ohiko funtzionamendua euskaraz egingo dute. Kanpo ariguneek, berriz, entitate horien eta herritarren arteko harreman espazioak dira. Esaterako, harrerak, telefono bidezko komunikazioak, kutxak, mostradoreak... Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarren hizkuntza aukera bermatzeko.
Hiriko hainbat ikastetxe, kultur eta kirol elkarte, finantza erakunde, enpresa, erakunde publiko eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduk eman dute izena orain arte, besteak beste, eta horrek esan nahi du gutxienez arigune bat sortu dutela horietan guztietan. Dena den, epea oraindik zabalik dago eta entitate gehiagok eman dezakete izena hilaren 27ra arte.
Duela bi urte egin zuten moduan, aurten ere belarriprestak eta ahobiziak ere izango dira eta horien-tzat (norbanakoentzat) izena emateko epea, berriz, hilaren 24an zabalduko da (ostegunean).
Euskara jakin edota ulertzen duen 16 urtetik gorako edozein herritarrek har dezake parte Euskal Herri osoan garatuko den ariketan.
Temas
Más en Donostia
-
Goia pide al Gobierno del Estado que agilice los trámites de los ciudadanos de Mali
-
"Cállate la Boca" vuelve a hablar en Donostia
-
El puente de la Zurriola tendrá una acera más amplía en el lado izquierdo y el bidegorri en el derecho
-
Goia, sobre suspender los fuegos artificiales: "Estamos llegando casi al absurdo"