donostia - Antiguako Izurun pilota eskolak 20 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko eta denboraldi berria aurkezteko programazio berezia prestatu du igande goizerako, auzoko frontoian.
10.00etan aurre-benjaminen partiduak izango dira, ondoren benjamin kategoriakoen txanda helduko da eta, jarraian, alebinak arituko dira frontoian.
12.00etan, berriz, urteurreneko ekitaldiei ekingo diete. Patxi Sansinenea omenduko dute (Antiguako Pilotazaleok elkarteko presidente zen 1999.ean eta dirua jarri zuen pilota eskola sortzeko). Lehen promozioko pelotarien lana ere aitortuko dute (Xabier Ortiz de Urbina, Josu Fernández eta Jaime Juanmartiñena) eta gaur egun pilotan jokatzen jarraitzen dutela nabarmendu dute eskolako arduradunek. Iñigo Bikuña eskolan aritutako lehen pilotari profesionala ere gonbidatuko dute ekitaldira.
Ekitaldi nagusiaren ondoren, 12.30etik aurrera, infantilak arituko dira, gero kadeteak eta, azkenik, nagusiek itxiko dituzte antolatutako partiduak.
Ospakizunek, dena den, jarraituko dute, Izurun elkartean bazkaria izango baitute. - N.G.