Alderdi Ederreko noria desmuntatzen hasi dira
Abuztuaren hasieran jarri zuten 42 metroko atrakzioa Aste Nagusiaren harira
donostia - Alderdi Ederren jarritako Mirador Princess noria desmuntatzen hasi ziren atzo Sevilla Eventos MA enpresako arduradunak. Abuztuaren 1ean hasi zen biraka 42 metroko atrakzioa eta, hasieran adostu zuten moduan, estropadak eta euskal jaiak amaituta agurtuko du Donostia.
Hasiera-hasieratik adierazi zuen Sevillako enpresak hirian gera-tzeko gogoa eta Gabonak arte luzatu nahi zuela bere egonaldia, kontuan hartuta iaz garai hartan ere horrelako atrakzioa jarri zutela Alderdi Ederren (50 metrokoa izan zen orduan). Dena den, oraindik ez omen dago erabakita Gabonetan zer egingo duten eta momentuz, Donostiatik alde egingo du noriak.
Donostiako Festek kontratatu zuten gurpil handia Aste Nagusiaren harira. Iaz ere izan zen noria bat, baina Paseo Berrian kokatuta, gainerako atrakzioekin batera. Ordukoaren eta Gabonetan jarritakoaren arrakasta ikusita erabaki zuten aurten berriro ere noria ekartzea hirira eta Alderdi Ederren jartzea. Kontuan hartuta horrelako instalazioa muntatu eta desmuntatzeko behar diren lanak, Aste Nagusiaz harago egonaldia luzatzea erabaki zuten eta, hala, abuztuaren 1etik irailaren 8ra arte aritu da lanean.
Aste hauetan asko izan dira bertan bueltaka ibili direnak, bertakoak eta kanpotarrak, eta ilara luzeak ere sortu izan dira. Ikusteko dago Gabonetan errepikatuko diren edo ez.