Síguenos en redes sociales:

Itsasotik mendira korrika

110 lagun abiatu ziren flamenkatik urgullerako bidean lasterketan donostiako piratek antolatutako bizikrossaren bigarren edizioan

Itsasotik mendira korrika

Piratek mendian ere ibiltzen badakitela frogatu zuten atzo goizean, Kalepoza kofradiak antolatutako Bizikrossaren bigarren edizioan. Bi ibilbide proposatu zituzten lasterketarien-tzat: bata, motza, 3,2 kilometrokoa; bestea, luzea, 6,4 kilometrokoa. Biak Urgulleko aldapetatik barrena.

Zirkuitua Flamenkako Piraten gunetik abiatu eta gazteluraino zihoan, handik beherako bidea hartu eta portura bueltatzeko. Lasterketa motzean izena eman zuten 29 lagunek behin osatu zuten ibilbidea eta luzean parte hartu zuten 79k bi buelta eman zizkioten zirkuituari.

Azken horretan helmugara iristen lehena Mikel Albeniz Carlos donostiarra izan zen eta 26 minutu eta 15 segundu behar izan zituen. Lehenengo neska, berriz, Aiako Nerea Amilibia Arruti izan zen, 32 minutu eta 19 segunduko denborarekin.

Ibilbide motza egin zutenen artean, Iñaki Pagola Guruzeaga donostiarra izan zen lehena (13 minutu eta 24 segundu) eta, nesken artean, Inma Cruz Oyarzabal pasaitarra izan zen azkarrena (16 minutu eta 45 segundu).

Parte-hartzaileen artean, hori bai, gehiengo nabarmena ziren gizonezkoak, 19 neska baino ez baitziren korrika egitera animatu.

azken eguna Korrika egin ondoren Donostiako Piraten egitarauaren baitan beste hainbat ekitaldi izan ziren atzo Flamenka inguruan, Terrassako Castellersak, esaterako. Gauean, portuko eszenatokiari agur esateko arduradunak Su Ta Gar taldeko beteranoak izan ziren.

Aste Nagusi ofiziala dagoeneko bukatu bada ere, Piratek oraindik badute azken ekitaldi bat gaurko: 17.30ean abiatuko dute, urtero bezala, Irrikitaldia. - N.G.