Kainoiaren ondoren... txistu hotsak nagusi
Txistularien Alarde jendetsuak ongietorria eman dio Konstituzio plazako eszenatokiari
donostia - Konstituzio plaza ere, jendez lepo. Donostiar askorentzat ohitura bihurtu da jada kainoia entzun ondoren Aste Nagusiari hasiera emateko Txistularien Alardea entzutera joatea. Aukera ezin hobea izan zen beste behin ere errepertorio zabal eta diferentearekin gozatzeko.
Jose Ignacio Ansorenaren gidaritzapean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zuten gogoan txistulariek 250 urteurrena dela eta, baita Pepe Artola idazlea eta José Uruñuela musikaria ere. Gonbidatuen artean, Imanol Lazkano eta Alaia Martin bertsolariak eta Miren Urbieta sopranoa izan ziren kontzertuaren lehen minutuetan taula gainean.
Alardea beti da desberdina eta atzoko saioan rock ikutua izan zuen, Alex Sardui kantaria lagun. Exkixu taldeak moldatutako Sorginen Leizean eta Gatiburen Bang-bang txiki-txiki Bang-bang doinuen beste bertsio batekin gozatu zuten ikusleek.
Ohi bezala, dantzarako tartea ere izan zuten atzo. Kresalako kideak lagun, Uruñuelak moldatutako Fandango Basque eskaini zuten eta Lizar-tzako Otsolar dantzari taldea ere igo zen taula gainera.
Berritzen saiatzen dira urtero txistulariak eta beste sorpresa bat ere bazuten: Diego Díez DJa gonbidatu zuten. Saioa amaitzeko, Donostiako Hamabostaldiak aurten 75 urte bete-tzen dituela eta, urteurren hori ere izan zuten gogoan, Bertso airean eta Xamurra ohorezko kontrapasarekin.
Festa hasiera borobildu zuten urtero bezala txistulariek Konstituzio plazako aulkiak eta txokoak bete zituztenentzat. Eguraldiak ere errespetatu zuen saioa. - N.G.