donostia - Ezkilaren zain daude jada Donostiako Piratak. Matti laguntzailearekin 21.30ean iritsiko da portura eta orduan, kainoikada baino ordu pare bat beranduago, zabalduko dute Piratek haien Aste Nagusia.

Azken urteotan bezala, La Flamenka izango dute topagune, kaian. Dena den, Trinitate plaza ere konkistatuko dute gauetan eta kofradia berrien eskutik, auzoetan ere izango dira ekitaldiak datozen egunotan. Hala, egitaraua inoiz baino zabalagoa da.

Koadrilentzako hitzorduak prestatu dituzte, umeentzako jolasak eta tailerrak eta familia giroan disfrutatzeko ekitaldiak ere bai. Baina, dudarik gabe, asteleheneko Abordaia izango da aurten ere Aste Nagusiko ekimenik jendetsuena. Goizeko 8.00etan hasiko dira koadrilak baltsak muntatzen eta goizeko lanaren ondoren, bazkari herrikoia izango dute zain Zuloaga plazan. 17.00etan egingo dute jauzi uretara eta orduan hasiko da Kontxa abordatzeko saioa. Batzuk iritsiko dira eta beste asko uretara eroriko dira, baina guztiek bermatuko dute jai giroa eta ikuskizuna portura eta hondartzara gerturatzen diren beste milaka ikusleentzat.

Duela urte batzuk sortu zuten abordaia txikiarekin gozatzeko aukera izango dute aurten ere gaztetxoek (ostegunean, 17.00etan). Urgulleko erromeria jada hitzordu fijoa bihurtu dute Piratek eta eguraldiak laguntzen badu, egun polita pasatzeko aukera emango die familia askori bihar.

Bestelako ekimenak ere prestatu dituzte aurtengo Aste Nagusirako: poteo herrikoiak, bazkariak, afari girotuak, bizikleta festa... eta, nola ez, musika emanaldiak.

Urtero bezala, jai herrikoiak aldarrikatuko dituzte Piratek datozen zortzi egunetan. Izan ere, Aste Nagusi ofiziala egun batez luzatuko dute eta datorren igandean haien festak ixteko Irrikitaldia parodia antzeztuko dute berriz ere.

matti Ezkilaren laguntzaile den Mattiren atzean aurten Jone Arriola egongo da, abortoaren aldeko Gipuzkoako plataformako kidea. Arriolak eskertu zuen atzo Piraten gonbidapena eta Espainiako abortoaren legearen aldaketa salatu zuen. “Ez gara geldirik eta isilik geratuko”, gaineratu zuen. Ezkila kapitaina, berriz, Sardiñerak kofradiako kide bat izango da aurten.

Abordaia. Piraten arrakasta nagusia. 2003. urtetik antola-tzen dute eta azken urteotan milaka pertsona biltzen ditu. Astelehenean izango da: baltsen muntaketa goizez (8.00etatik) eta abordatzea arratsaldean (17.00etan).

Haurrentzat. Gaztetxoentzat jolasak antolatu dituzte Piratek eta baita abordatze txikia ere (ostegunean 17.00etan). Ostegunean bertan haurrek bazkaria izango dute eta baita jolasak eta bizikleta festa ere.

Musika. La Flamenkako gauak animatzeko lehen mailako taldeak izango dira taula gainean. Nautiko inguruan, berriz, Dj sesioak prestatu dituzte. 23.30ean eta 00.30ean dira hi-tzorduak gauero.

La Flamenka. La Flamenka izango dute topaleku Piratek datozen egunotan, portuan. Trinitate plazan ere izango dira ekimenak.Auzoetan. Auzoetan kofradiak sortu dira azken hilabeteotan eta bakoitzak hainbat ekitaldi prestatu ditu Aste Nagusirako. Hala, Intxaurrondon eta Grosen ere festa giroa izango da.