Santiago Auzmendi sastrea zendu da
Muturreko korrikalaria ere izan zen beteranoen kategorian
donostia - Santiago Auzmendi sastre ezaguna hil zen atzo, 73 urte zituela eta 74 betetzeko egun gutxi falta zitzaizkiola. Lazkaotarra zen jaiotzez, baina Donostian bizi zen Auzmendi arropa denda ezagunen jabea. Gainera, beteranoen kategorian korrikalari ezaguna eta muturrekoa ere izan zen azken urteotan.
Badirudi astebetez zaintza intentsiboko unitatean ingresatuta egon dela Auzmendi. ETBk atzo jakitera eman zuenez, familiak hileta elizkizunik ez egitea erabaki du, haren nahia hori zelako.
1940an jaio zen Auzmendi eta 20 urtekin zabaldu zuen lehen denda Lazkaon bertan. Hernanin ere aritu zen lanean eta Donostiara hamar urte beranduago iritsi zen: jaioterria txiki geratu omen zi-tzaion eta Askatasunaren hiribideko lehen denda 1970ean ireki zuen. Berak sustatu zuen Donostiako estiloa izenarekin bataiatutako joera. Estilo hori definitzeko garaian, donostiarrek Europa aldetik iritsitako korronte bat jarrai-tzen dutela esan izan zuen, alor askotan eta baita janzkeran ere, modernista samarra.
"Beti esan izan da Donostia klasikoa dela, baina hori ez da egia", esan zuen Argia aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean. Gizonezkoak agian bai, baina emakumezkoak "oso modernistak eta oso aurreratuak" direla esan zuen, eta "gustu berezia" dutela ere bai. Donostian beste hiri batzuetan baino "modernoxeagoa" dela jendea esan zuen.
Txikitatik bere erara janzten zela kontatu zuen jostunak eta garai haietan ohikoa ez zen arropa deigarriren bat jartzeagatik jendeak begiratzen zuela ere gogoratu zuen. Bartzelonan, Parisen eta Londresen bizi izan zen gaztetan.
Norberak bere itxura zaindu behar duela aldarrikatu zuen beti. Orokorrean, euskaldunoi "apain" janztea gustatzen zaiela ere esan zuen beste elkarrizketa batean. "Ongi jantzita doanari errazago irekitzen zaizkio ateak", esan zion Argiari duela urte batzuk.
Gizon eta emakumeentzako arropa saltzen dute Auzmendi dendek Askatasunaren hiribidean, eta mundu mailan ezagunak diren markak ere badituzte, goi mailakoak. Duela urte batzuk Donostiako Udaltzaingoak zeraman uniformea ere berak diseinatu zuen.
korrika Gaztetan hasi zen korri-tzen Auzmendi, herriko festetan antolatzen zituzten lasterketetan. Atletismoa gustuko zuen eta, elkarrizketa batean esan zuenez, flakatzeko eta medikuaren gomendioei jarraituz hasi zen berriz korrika. Zahartzaroa luzatzeko hasi zela ere esan zuen inoiz.
2003. urtean Europako irabazle izan zen eta beteranoen urrezko domina lortu. 2005. urtean Donostian izandako beteranoen mundialetan 800 metrotan zilarrezko domina lortu zuen eta Espainiako errekorra ezarri zuen. 1.500 metroko Estatuko marka ere berak jarri zuen. - N.G.
Más en Donostia
-
El PSE se desmarca del PNV y aprueba nueve medidas propuestas por EH Bildu para hacer frente a la crisis habitacional de Donostia
-
Auditz Akular, una pieza que se recupera para el puzzle de la vivienda en Donostia
-
El 100% de los 1.700 pisos de Cuarteles de Loiola serán de promoción pública
-
Donostia debatirá este viernes sobre la vivienda en un Pleno Extraordinario