Síguenos en redes sociales:

Sugeak ezagutzeko eta ikutzeko tailerra antolatu du Cristina Eneak

aranzadirekin elkarlanean animalia hauenganako aurreiritziak baztertu nahi dituzte

Donostia. Suge eta sugegorrien bizitzaren sekretuak agerian uzten dituen erakusketa zabalik dago Egiako Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean martxoaren 30era arte Ospe txarraren biktimak izenburupean. Gainera, bi tailer ere izango dira (aste honetan bat eta otsailaren 15ean bestea) benetako suge eta sugegorriak ikusi eta ikutu ahal izateko.

Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailaren eskutik dira sugeak protagonistak Cristina Enea Fundazioaren neguko agendan eta helburua animalia hauekiko dagoen beldur eta mesfidantza egoera irauli ahal izatea da, haien ezaugarriak eta berezitasunak erakutsiz.

Tailerrak familia giroko jarduerak izango dira eta gure inguruko suge eta sugegorriak emango dituzte ezagutzera. Identifikaziorako gako erraz batzuren bitartez animalia hauek identifikatzeko azalpenekin hasiko dira. Ondoren, parte-hartzaileek euren eskuekin ukitu ahal izango dituzten benetazko sugeak erakutsiko dira.

tailerrak eta hitzaldia Tailerrak doakoak dira. Larunbat honetan egingo dutena euskaraz izango da eta otsailaren 15ean antolatu dutena, berriz, gaztelaniaz. Bi saioak 11.30ean abiatuko dira eta Cristina Enea parkean dagoen Ingurumen Baliabideen Etxean izango dira.

Gainera, erakusketa honen harira hitzaldi bat ere prestatu dute. Zehazki, otsailaren 13an izango da, osteguna, udal liburutegi zaharreko sotoan (Alde Zaharreko San Jeronimo kalean), eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide batek emango du.

Solasaldi honen helburua da gizartea orokorrean animalia hauekiko sentsibilizatzea. Horretarako, ez dira saiatuko aurreiri-tziak ezabatzen eta mitoak gezurtatzen; horren ordez, euren ezaugarri bereziei buruzko ezaguera handitzen saiatuko dira eta, batez ere, eurekiko lilura sortu nahiko dute Gipuzkoako natur hondarearen zati garrantzitsua direla argudiatuz.