donostia. Wiesbadenen otsailean izango den gazte topagune batera joateko aukera izango dute hamar donostiarrek. Metropolis proiektu europarraren baitan, Alemaniako, Rumaniako, Txipreko, Poloniako eta Greziako gazteekin bilduko dira 14 eta 17 urte bitarteko donostiarrak.
Topagune honetara joan ahal izateko ingelesez jakin beharko dute hautagaiek eta Donostian erroldatuta egon. Gainera, aldez aurretik horrelako ekimenetan parte hartu ez dutenek lehentasuna izango dute.
Izena emateko epea hilaren 22an itxiko da eta horretarako Gazteria Bulegora (Goikoa jauregian) edo Internetera jo beharko dute (donostiagaztea.org).
Metropolis programa europarra, ezagutza iturri gisa, hiria arretaz aztertzearen aldeko ekimen bat da. Horregatik, elkartrukean, gazteen esperientziak eta ideiak elkartrukatzeko eta sormena askatzeko bide emango duten hezkuntzako eta kulturako ekintzak landuko dituzte Alemaniako topaketako parte-hartzaileek.
Donostia eta Wiesbaden senidetutako hiriak dira.