Donostia. Piraten Aste Nagusiaren egitaraua, beste urteetan bezala, ekintza eta kontzertu askorekin heldu da. Gaur emango zaio hasiera musikaz eta erritmoz beteriko zazpi egunei, La Flamenka jai giroz beteko dituztenak.
3gabe2 taldeak irekiko du gaurko gaua. 23.15etan rock bertsioak egiten dituen talde honek joko du, beraiek esaten duten moduan, "jai giroa sor-tzeko". Festa gaur hasi eta hurrengo egunetan zehar luzatuko da. Bihar, goizetik ekintzaz beteriko egunean, Willis Drummond, 2007an bere lehenengo diskoa kaleratu zutenak eta orduz geroztik kontzertuak ematen etengabe mugitu direnak, eta Blaka taldea izango dira 23.00etan protagonistak.
Asteari jarraipena emateko, astelehenean Talko eta Non Servium izango dira bere musikarekin bertakoak girotzeko. Talkok soinu sendoa eta karga politiko handia dituen letrak sortzen ditu, antikapitalista, antifaxista, antiinperialista eta antirrazista diren gaiekin. Beste aldetik, Non Servium taldeak Brutal Oi! estiloa jarraitzen du, punka, street punka eta hardcore punka jotzen duena.
Asteartean, Goseren eta Kasernaraten txanda izango da, musika lehiaketan epaimahaiaren saria lortu zutenak. Hauei South Central eta DJ Tin Tin-ek jarraituko diete asteazkeko gauean.
Ostegunean musika ez da geldituko. Juantxo Skalari Kluba eta Besteikpe taldeek beraien doinuak eskainiko dituzte. Bi talde hauek musika lehiaketan jendaurrekoaren saria jaso zuten. Ostiralean Itziarren Semeak eta Gora herria izango dira eskenatokian eta, Aste Nagusiari krisketa jartzeko, larunbatean Sen eta We Are Standarden txanda izango da. Musika izango da, beraz, aste honetako elementu nagusia Piraten gunean.