Zein da Eibarko Armeria Eskolaren eskaintza?

Gure ingurune industriala kontuan hartuta, hiru familia profesional ditugu: Fabrikazio Mekanikoa; Elektrizitatea-Elektronika, eta Instalatze eta Mantentze lanak. Horietan guztietan erdi eta goi mailako zikloak eta espezializazioak eskaintzen ditugu, euskaraz, erderaz eta ingelesez. Espezializazioen kasuan, adibidez, azken urteotan bi berri gehitu ditugu: Robotika Kolaboratiboa eta Industria-Mantentzearen Digitalizazioa. 

Datorren gazteriari buruzko informazio guztia hemen.

Nola egokitu zarete ikaskuntza-eremuan eta industria zentroetan gertatzen diren aldaketen abiadurara?

Enpresen beharretara eta eskaeretara egokitzen gara. Horretarako, ezagutzak ere landu behar dira eta, testuinguru horretan, aurretik joatea gustatzen zaigu. Berrikuntza proiektuak beste ikastetxe eta enpresa batzuekin batera lantzeak beharrezko ezagutza eta gaitasunetan eguneratuta egotera garamatza, ondoren gure eskaintzan sartzeko. Esaterako, azken urteotan robotika kolaboratiboarekin, 4.0 industriarekin edo biki digitalekin lotutako proiektuak jorratu ditugu. Teknologiak presentzia handia du gure eskolan, eta, alde horretatik, inbertsio garrantzitsuak egin ditugu instalazioak eta ekipamenduak egokitzeko. Sei urtetan hiru milioi euro inguru inbertitu ditugu. Aldaketak ikaskuntza ereduan ere ematen ari gara, horrela, Smart Collaborative Learning Factory kontzeptuaren bidez, enpresen egitura eta funtzionamendua Armeria Eskolara ekartzen ari gara, eta formatzen ditugun profil ezberdinen arteko elkarlana bultzatzen.

Errealitate birtuala, adimen artifiziala... Nola txertatzen ari da iraultza geldiezin hori guztia ikasgeletan?

Teknologia horiek hezkuntza-prozesuan ezartzeko, DigCompEdu Europako erreferentzia esparrua dugu. Hortik abiatuta, errealitate birtualeko eta interaktiboko bi gela ditugu, eta azken urteetako berrikuntza proiektuen bidez edukiak sortzen ari gara ikasgela hauetan erabiltzeko, konpetentzia teknologikoak edo zeharkakoak landu ahal izateko. Adibidez, gamifikazioa erabiliz, jokoen bidez, benetako eszenatokietan beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzeko. Teknologia hauek ikaskuntza prozesuaren garapenerako osagarri interesgarriak dira. Adimen Artifizialari esker, programa eguneratuagoak, malguagoak eta egokituagoak eskaintzen ditugu, ikasle bakoitzari jarraipen pertsonalizatuagoa eginez: ariketa motibagarrienak identifikatuz, hobekuntzak detektatuz... Hezkuntza-prozesua ere inklusiboagoa eta eraginkorragoa egiten ari gara teknologia honen bidez. Gainera, chatbot-ekin hainbat gairi buruzko adituak sortzen ditugu eta galderak denbora errealean egin dakizkieke. Gure eskaintzan adimen artifiziala sartzeak enpresen errealitatetik gertuago egotera ere bagaramatza. 

Zer balorazio egiten duzue ikasleek enpresetan duten laneratze-mailari buruz?

Laneratze-maila altua dugu, %90 baino gehiago gure ikasleen artean. Lan-poltsa bat ere badugu, eta ikasketak amaitu ondoren, ikasle bakoitzari jarraipen bat egiten diogu, modu pertsonalizatuan.

Zer aukera dute Armeria Eskolako ikasleek atzerrian ikasteko?

Armeria Eskolarentzat, estrategikoki, garrantzitsua da nazioartekotzean eragitea. Eta gure apustua, zentzu horretan, sendoa da. Bi-hiru asteko egonaldiak eskaintzen ditugu atzerriko ikastetxeetan, eta hemen egiten ari diren prestakuntza osatzeko aukera dute. Era berean, beste herrialde batzuetako ikasleak ere hartzen ditugu. Gainera, atzerriko enpresetan edo beste herrialde batzuetan egoitza duten Euskal Herriko enpresetan praktikak egin ahal dituzte. Horrek aukera ematen digu, ondoren, ikasleari jarraipena emateko tokiko enpresetan, kontratu baten bidez.

Emozioen zaintzan ere jarri duzue arreta. Zergatik da hain garrantzitsua gai horri ikasleekin heltzea?

Gaur egungo gizartea oso anitza da. Ikasgela berean jatorri, kultura, familia-eredu... desberdinetako pertsonak daude. Bestalde, hor daude sare sozialen eragina eta gizarteak garatzen daraman abiadura. Ingurune dinamiko eta asaldatu batean bizi gara. Formakuntza zentro bat gara, eta ahalik eta langile prestatuenak eskaini nahi dizkiegu enpresei. Emozionalki orekatuak diren inguruneak nahi baditugu bai eskolan, enpresan edo gizartean bertan, oso garrantzitsua da egiturazkoa bihurtzea emozioen zaintza, honek ekarriko baitu banakako ongizatea zein kolektiboa. Horretan ari gara eta gure ikasleak prestakuntza ibilbidean gai hau jorratzen ari dira.

“Si trabajamos el bienestar emocional desde el centro, esto impactará en el entorno laboral”

“Si trabajamos el bienestar emocional desde el centro, esto impactará en el entorno laboral” Izaro Zubeldia

Zeintzuk dira 2025-2026 ikasturterako berrikuntzak?

Asko badira ere, pare bat berrikuntza aipatzeagatik; alde batetik, Lanbide Heziketako lege berriaren aplikazioak dakartzan aldaketak ditugu. Horrela, orain arte ez bezala, ikasleak hautazko moduluak izango dituzte bigarren mailan eta Hezkuntza Sailak ikastetxeoi eskaini digun autonomiaz baliatuz, Armeria Eskolan ongizate emozionalaren lanketan sakontzeko hautazko moduan eskainiko dugu gai hau, egiturazko bihurtuz. Bestalde, Smart Collaborative Learning Factory-ren baitan, aurten proba pilotu bat egin dugu bost talderekin, hiru zikloekin eta bi espezializazioekin. Fabrika txiki bat sortu da. Datorren ikasturtean proiektu honek irismen eta dimentsio handiagoa hartzea nahi dugu, ziklo gehiagotan ezarriz. Horretarako, inbertsio garrantzitsu bat egitea ere aurreikusia dugu. 

Eta abian jarriko diren proiektu berriak?

Armeria Eskolaren espazio eta instalazioen eraldaketarekin jarraituko dugu, ikastetxe digital, moderno, eroso eta hirian integratu baten alde. Teknologia Robotiko eta Adimenduen garapenarekin lotutako Smart Colaborative Learning Factory proiektua izango da esku artean izango dugun nagusienetakoa, bi ikasturte garapen osoa ikusteko, eta ahalegin handia eskatuko digun proiektu motibagarria da. Bestalde, Nazioarteko ikuspegitik ere, biki digitalei lotutako proiektu bati ekingo diogu. Azkenik, Adimen Artifizialari dagokionez, ikaskuntzan txertatzeko bideak garatzen jarraituko dugu, horretarako, gai honetan irakasleen trebakuntza izango da 2025-2026 ikasturteko erronka nagusienetako bat.