Donostia. Gaztezulo aldizkariak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak festa antolatu dute biharko, MTB Dirt Jump erakustaldia (bizikleta gaineko aire akrobaziak), graffitiak eta perkusio afrikarra tartekatuko dituena. Hitzordua 18.00etan jarri dute, udaletxe aurreko zabalgunean.
Street Festa honetan "kale kulturaren adar ezberdinak" batu nahi dituzte, Funbox Factory, Zaldi Urdina eta Artexivu elkarteen eskutik, Alderdi Eder bizikleta gaineko jauzi ikusgarriz, graffitiz eta zuzeneko musika biziz betetzeko.
Mountainbike erako bizikleta gainean jauzi ikusgarriak eta aire akrobaziak egiten abilak dira Funbox Factory taldeko lagunak. Guztira, bost gidarik hartuko dute parte biharko erakustaldian: Beratik, Europa mailan onenen artean lehiatzen ari den Martxel Arribillaga eta Aritz Petrirena; Donostiatik, Mikel Lazkano; Azpeititik, Ruben Pascual; eta Leioatik, Jon Sagredo. Hiru malda jarriko dituzte: abiadura hartzeko irteera malda bat, aireratzeko beste bat eta jauzi egin ostean lur hartzeko hirugarren jaitsiera malda. 15 eta 20 minutu bitarteko hiru saio egingo dituzte guztira. Akrobazien zailtasun maila areagotuz joango da arratsaldeak aurrera egin ahala.
Bestalde, Mozambiketik eta Senegaldik etorritako musikariek osa-tzen dute Artexivu Afrikar Kultur Elkartea, arratsaldea zuzeneko erritmo indartsuekin girotuko duena. Djembe eta dun-dun izeneko afrikar perkusio-tresna tradizionalekin bertaratutakoak dantzan jartzeko danbor-hotsak ekarriko dituzte.
Eta, bien bitartean, Zaldi Urdina izeneko kolektiboko kideek jarriko dute kolorea eta spray usaina. Batetik, graffitigintzaren munduko jardun abangoardistena ekarriko dute, aldarri kutsua duena eta orain arte Parisen besterik egin ez dena. Bilgarri modura erabiltzen den film paper gardenarekin eratuko dute horma handi bat bi zuhaitzetara alderik alde lotuta, bertan marrazkia egiteko. Luma-kartoizko beste hiru panel ere jarriko dituzte, gazteek marraztutako txantiloien gainean saiakerak egin ditzaten sprayekin.
Biharko Street Festaren helburuak gazteentzako ekintza erakargarri bat antolatzea, gazteen arteko euskararen erabilera sustatzeko baliagarria izatea eta Gaztezulo aldizkaria ezagutzera ematea dira.