Donostia. Zurriola Ikastolak Ategorrietako Villa Soroa eraikina alokatu du datozen 40 urteetarako. Egun, lau edifiziotan banatuta dauzka bere ikasleak Groseko ikastolak, eta aspaldi ari ziren egoitza berri baten bila gazteak berrantolatzeko.
Horrela, Donostiako Udalak Villa Soroa alokagai jarriko zuela jakin zutenean ez zuten zalantzarik egin eta deitutako lehiaketara aurkeztu zen Zurriola. Bi eskaera zituen Udalak eta, bien artean, Gobernu Ba-tzordeak ikastolarena onartzea erabaki zuen atzo.
Gauzak horrela, 622.500 euro (BEZa gehitu behar zaio kopuru horri) emango dizkio ikastolak Udalari datozen 40 urteotan Villa Soroa erabiltzeagatik. Kontratoa beste hamar urtez luzatzeko aukera ere izango dute ondoren (beste 91.500 euro ordainduta).
Gainera, 1,5 milioi ere inbertitu beharko ditu Zurriolak eraikina egokitzeko. Haien asmoa lanak berehala hastea da eta 2014ko irailerako ikasleak berrantolatu eta gazteenak Villa Soroan kokatu nahiko lituzkete.
Egun, lau egoitzatan daude banatuta Zurriolako ikasleak, Josebe Muguruza zuzendariak azaldu duenez: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoak Atarizarreko edifizioan daude (Ategorrietan); Rodil pasealekuko Josefinak egoitzan alokatutako geletan Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako taldeak daude; Hurrako egoitza nagusian, berriz, Lehen Hezkuntzako ikasle zaharrenak, DBHkoak eta Batxilergokoak daude; eta azkenik, garai batean Barandiaran Lizeoa zen eraikinean (Ibaetan) hezkuntza zikloetako ikasleak daude.
Bada, Villa Soroa alokatuta, ikasle guztiak hiru egoitzetan bilduko dituzte, Ategorrieta inguruan denak: Haur Hezkuntza Villa Soroan kokatuko dute, Lehen Hezkuntzako lehen lau mailak Atarizarren izango dira eta gainerako ikasleak Hurrako eraikin nagusian.
1.150 ikasle ditu Zurriolak, bi urtetik hasi eta 20 urtera arte (goi mailako heziketa zikloak ere eskain- tzen baitituzte).
Villa soroa Orain arte Euskal Herriko Unibertsitateak erabiltzen zuen Villa Soroa eta Kriminologia Institutoaren egoitza izan da. Aurreko legealdian abian jarritako Emakumeen Etxea bertara eramatea erabaki zuen Udalak duela urte pare bat. Emakumeen Etxea Okendo kaleko lokal batean inauguratu zuten, baina egoitza hori behin-behinekoa izateko asmoa zuten udal ordezkariek eta Villa Soroa moldatu ondoren, Ategorrietara eraman nahi zuten.
Gobernu aldaketaren ondoren, Emakumeen Etxea hartu ahal izateko egin beharreko inbertsioa handiegia zela erabaki zuen Udalak, eta eraikina alokagai jarri zuen. Hori bai, baldintza bat jarri zien alkilatu nahi zutenei: nolabait auzoari eta herritarrei zerbitzu bat eskaini beharko zieten bertan. Zurriola Ikastolaren eskaintzak baldintzak bete-tzen zituela eta kontratua haiekin sinatzea erabaki zuen atzo Udalak.