Donostia. Santo Tomas Lizeoa zaharberritzeko lanak abian dira eta, beste hainbat neurri eta hobekuntzen ondoren, harrerarako edifizio berri bat eraiki nahi dute eta barruko bideak oinezkoentzat erreserbatu. Momentuz, horiek garatu ahal izateko Udalak behin-behineko onarpena eman die beharrezkoak diren aldaketa urbanistikoei.
Dena den, horiei ekin baino lehen, berrikuntzak hainbat fase izango ditu, ikastolako zuzendari Iñaki Zubizarretak azaldu duenez. Lehenengoa hasi da: eraikin guztietan leihoak aldatu dituzte, esaterako. Ildo berean, egoitzetan eraginkortasun eta "aprobetxamendu" energetikoa lortzeko pausoak ere eman dituzte. Zuzezendariaren esanetan, instalazioen eguneratze lanak "lehentasuna" dira eta bizpahiru urteen buruan amaituko dituztela espero dute.
Zubizarretak adierazi duenez, "hutsune bat" badagoela konturatu ziren eta horregatik altxa nahi dute harrera eraikin txiki bat. Egoitza hori eraiki ahal izateko aurten 50 urte bete dituen Santo Tomas Lizeoak tramiteak egin ditu: bolumen hazkunde bat eskatu behar izan dio Donostiako Udalari eta Plan Orokorrean aurreikusitako eraikigarritasuna handitzea. Guztira, 3.500 metro karratu eraikigarri izatea da helburua.
Modu berean, Lizeoko bide nagusiak eta autobusentzako aparkalekuaren zati gehiena peatonalizatu nahi dituzte. Honekin batera, ikastetxera sartzeko bideak "mugitu" eta ikas-garraioarentzako aparkalekua ere "desplazatu" nahi dute "nabarmen". "Ikastolako gaur eguneko parte handi bat berreskuratuko genuke ikasleen konturako. Harrera egoitza txiki berri hori zona peatonalaren erdian egongo litzateke", esan du zuzendariak. "Garraio kolektiboa eta partikularrak ikastolaren kanpoaldean jartzen ditugu, baina gure mugen barruan beti", azaldu du Zubizarretak. Eta egitura berrian, garbi desberdinduko dituzte haurrak utzi eta jasotzeko lekua eta peatonalizatutako bideak.
Hauek guztiak garatu ahal izateko, Donostiako Tokiko Gobernu Ba-tzordeak Lizeoko Hiri Antolamendurako Plan Bereziari behin-behineko onarpena eman zion lehengo astean. Behin betiko onartu baino lehen, ordea, proiektuak hainbat zuzenketa izan beharko ditu.
Halere, Santo Tomas Lizeoko zuzendariak argitu du egun ez daukatela berrantolaketa lan hauentzat hasierako datarik. "Baimenak kudeatuta daude eta orain gogoeta finantzieroa egin beharko genuke", esan du, eta "testuinguru ekonomikoaren arabera" egingo dituztela gaineratu du.