Donostia. Añorgako bertso eskolak gaur abiatuko du aurtengo ikasturtea. Dagoeneko hirugarrena izango da, eta auzotar gazteak animatu nahi dituzte parte har dezaten.
"Udan plazaz plaza ibili diren bertsolarien inbiditan? Haiekin aspertuta akaso? Pello Joxepe ezagutzeko desiotan? Zure ahotsa zortziko handiaren autopista zabalean edo zortziko txikiaren seiszientos txikian sartzeko gogoz?". Horrelako galderekin probokatu eta animatu nahi dituzte añorgatarrak, mikroaren aurrean jarri eta bertsotan ausar daitezen.
Horrela, ikasturte honetako lehen hitzordua gaur bertan izango dute, 17.30ean auzoko Jolas Etxean. Lagungiro ederrean arratsaldea pasatu eta ostiralero astea ahazteko modu aproposa dela ere badiote eskolako arduradunek.