Donostia. Haur eta gaztetxoen artean aisialdian ere euskararen erabilera bultzatzeko asmoz kanpaina berria abiatuko du Udalak, Urtxintxa eta Bageraren laguntzarekin: dinamizatzaileak jarriko dituzte parkean haurrekin jolas dezaten eta jolas tradizionaletan aritzeko euskarazko abestiak erakusten.
Parketarrak ekimen berria Martutenen abiatuko dute. Urriko astelehen arratsaldetan (8tik 29ra), 17.00etatik 18.00etara, Urtxintxako monitoreak auzoko parke nagusian izango dira, hiru eta bost urte bitarteko umeekin eta haien gurasoekin jolasteko; futbitoa dagoen parkean sei eta bederatzi urte bitarteko gaztetxoekin jolastuko dute. Sokasaltoan arituko dira, harrapaketetan edo goman eta guztietan euskarazko esamoldeak eta abestiak erabiliko dituzte, gazteek euskaraz jolasteko tresnak eta ohitura izan dezaten. Parte-hartzea doakoa da, "nahikoa da parkean agertzea eta jolasteko gogoa izatea", esan zuen Urtxintxako kide Jaime Altunak.
Martuteneko emaitzak positiboak badira Parketarrak programa beste auzoetara zabalduko dutela iragarri zuen Nerea Txapartegi Udaleko Euskara ordezkariak.
Esperientzia honi ekiteko auzoa aukeratzean, besteak beste, Sarroeta elkartearen baitan euskara talde bat sortu berri dutela izan dute kontuan. Martutenen euskararen erabilera bultzatzeko bestelako ekimenak ere abiatu dituzte eta gurasoei zuzendutako eskolak ere antolatu nahi dituztela iragarri zuen Juanjo Ugartemendia auzotarrak.