TOPA berezia eta jazz gaua edo Gaujazza (hala deitu diote). Horrela ospatuko du Victoria Eugenia an-tzokiak, 900 bat herritarrekin batera, bere 100. urtebetetzea uztailaren 20ean. Mendeurrenak horrenbeste merezi du eta egun horretako festaz gain, aurretik erakusketa berezia ere prestatu dute; eta, ondoren, Aste Nagusiak omenaldi berezia egingo dio antzokiari: azken eguneko ikuskizun piroteknikoak Victoria Eugenia izango du ardatz.
Mendeurrena uztailaren 20ean beteko badu ere, urte osoa darama hiriak antzokiari keinuak egiten festa eta egun berezietan (Danborradan, kasu), Nerea Txapartegi Donostiako Kultura delegatuak atzo gogoratu zuen moduan. Baina udakoak izango dira garrantzi-tsuenak. Hasteko, uztailaren 13an Kutxak Bulebarrean duen aretoan erakusketa zabalduko dute, eta hil horren bukaerara arte izango da ikusgai.
Lau ataletan banatuta, antzokiaren historia errepasatuko du esposizioak (eraikinaren guneen omenez friso eta foyer gisa bataiatutako ataletan) eta besaulki patio txiki batean (garai batean antzokian zeuden eserlekuekin osatua) eseri eta bi pantailetan antzokiari buruz 100 bat lagunek esandakoak entzun eta ikusiko dituzte bisitariek. Gainera, donostiar eta gipuzkoarrek parte hartzeko backstage sekzioa ere izango dute: bertan, herritarrek antzokiarekin erlazionatutako argazki, sarrera edo oroitzapenak jaso egingo dituzte, Victoria Eugeniaren historiaren parte gisa. Horrelakoak dauzkatenek dagoeneko San Telmo museoan utz ditzakete.
gaujazza
Zortzi kontzertu antzokian zehar
Erakusketa zabaldu eta astebete beranduago helduko da Victoria Eugeniaren egun handia. Uztailaren 20ean, 23.30ean, topa berezia egingo dute hainbat gonbidatuk. Ordu laruden beranduago zabalduko ditu ateak antzokiak Gaujazzari hasiera emateko.
Jazzaldiaren baitan kokatzen da festa eta 3.00etara arte zortzi kon-tzertu eskainiko ditu Victoria Eugeniak, antzokiko hainbat guneetan. "Prentsa aretoan eta dantza aretoan izango dira emanaldiak, eta hor ez da inoiz kon-tzerturik izan", nabarmendu zuen Miguel Martin Jazzaldiko arduradunak. Gaujazz horretarako 888 sarrerak jada salgai daude, hiru euroko prezioa daukate eta lehen mailako musikariek eskainiko dituzten zortzi saioekin gozatzeko aukera emango dute.
Uztaila amaitu eta abuztuan ere jasoko du keinurik Victoria Eugeniak. Hala, Aste Nagusiaren baitan bi omenaldi egingo zaizkio. Lehena, abuztuaren 15ean Itzurun konpartsak eskainiko dio: egun horretarako espreski koreografia berezia prestatzen ari dira eta erraldoi eta buruhandiek antzokiaren aurrean dantzatuko dute arratsaldeko 19.45ean.
Bestalde, Aste Nagusiko azken egunean ohikoa den ikuskizun piromusikalak Kontxako badia utzi eta Victoria Eugenia hartuko du. Antzokia bengalekin piztuko dute eta, ondoren, 22 minutuko ikuskizunak antzokiaren historiaren parte diren 17 gertakari edo lan errepasatuko ditu, Verdiren Aidatik, Mikel Laboaren Txoria Txori eta Donostiako Orfeoiaren Katiuska arte, besteak beste. Ikuskizuna Kursaal eta María Cristina zubietatik eta Urumea ingurutik ikusi ahal izango da.