Donostia. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Igeldoko Itsas Aurre elkartearekin bildu dira aste honetan. Pasa den larunbatean kontzentrazioa ere egin zuten igeldotarrek, Aldundiari bilera eskatzeko eta desanexioaren gaia berriz mahai gainean jar dezan eskatzeko.

Bileran, Diputazioko iturriek argitutakoaren arabera, Itsas Aurreko ordezkarien argumentazioa entzun ondoren, gaia sakonki aztertuko duela agindu zuen Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatuak.

Itsas Aurrek asanblada egin zuen Igeldon pasa den astean eta, haien arabera, aurreko legealdian desanexioari ezetz esatearen atzean arrazoi politikoak ere bazeuden. Horregatik, hauteskundeen ondoren eta foru Gobernuaren aldaketaren ondoren, gaia berriz ere aztertzeko eskatu dute.

Gainera, desanexioaren aldeko argazki erraldoi bat atera nahi dute igeldotarrek. Bihar eguerdian plazan biltzeko deia egin diete herritarrei, argazkia ateratzeko.