"Jendea ez dago euskarazko bakarrizketak entzuten ohituta, baina eskertu egiten dute"
Barry Manley irlandarra da jaiotzez, baina orain dela urte batzuk Donostiara etorri zen bizitzera eta euskara ikasi zuen. Manleyk izugarrizko arrakasta du euskarazko bakarrizketak egiten dituelako. 'An Seanchai Road Show' da bere azken lanaren izenburua
donostia. Umorezko saioak euskara hutsean egiten ditu. Martxoaren amaieran Donostiako San Telmo museoan izan zen bere emanaldi berria aurkezten: An Seanchai Road Show, marrazkiak eta txisteak uztartzen dituen ordubeteko ekitaldi multimedia. Datorren saioa Eibarren izango du hilaren 17an, Portalea kultur etxean. "Euskal Herrian ez dago halakorik, ez euskaraz, ez gaztelaniaz", aitortu du Manleyk bere ekitaldiaz harro.
Nola bukatu du Corkeko (Irlanda) seme batek Euskal Herrian?
Erantzuna luzea da. 50 urte ditut. Irlandatik 22 urtekin atera nintzen eta Euskal Herrira etorri nintzen. Ez nekien asko Euskal Herriari buruz. Beste leku batzuetan ere bizi izan naiz: Estatu Batuetan, Parisen, Belgikan... Baina Euskal Herrian Irlandan baino urte gehiago daramatzat. Nire etxea da eta ez daukat nortasun krisirik. Ni irlandarra naiz Euskal Herrian; ez naiz vasco, baina euskalduna, bai. Ez naiz euskaldun berria, irlandar zahar baizik.
Noiz hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Hasieratik hemen bi hizkuntza zeudela ikusi nuen. Hona erdaraz eta euskaraz ezer jakin gabe etorri nin-tzen. Lehenengo urteetan irakasle gisa aritu nintzen eta gero Goierriko enpresa batekin lanak egiten aritu nintzen: kanpoan papera egiteko makinak saltzen aritzen nintzen. Nobelista era banaiz eta nire lehenengo nobela kaleratu zenean apostu bat egin nuen: bide hori jarraitu nahi izan nuen. Baina bigarren nobela ez zitzaidan ondo atera eta krisi moduko batean sartu nintzen. Non bizi nahi nuen zalantza nuen. Irlandan hilabete batzuk eman nituen eta hona itzuli nintzenean nire buruari honakoa esan nion: Hemen bizi nahi baduzu, hemengo hizkuntza ikasi behar duzu.
Eta nola ikasi zenuen?
Ia dena autoikaskuntza izan da. AEKn hasi nintzen, baina gero autoikaskuntzaren bidea aukeratu nuen. Bageran mintza praktika egin nuen eta barnetegi batean ere izan nintzen. Bertso eskolan ere egon nintzen eta bota ninduten anarkista izateagatik. Bota nindutela broman diot (barre egiten du). Hankaluzea uste dut deitzen zaiola bertsotan neurririk errespetatzen ez duenari (barreak).
Bizitza euskaraz egiten duzu?
Nire eguneroko harremanetan euskaraz egiten dut. Gainera, uste dut horrela egiteko aukera asko ditugula. Zazpi urteko seme bat daukat eta saiatzen naiz berarekin ingelesez hitz egiten, baina bera euskalduna da. Ikastolako bileretan eta beste gurasoekin ere harremanak euskaraz izaten ditut.
Harremanak beti euskaraz izan daitezen saiatzen zara, orduan.
Ahal badut, bai.
Nola hasi zinen bakarrizketak egiten?
Nire semea oso txikia zenean liburu bat idazten hasi nintzen eta abiapuntua bere burua hiltzen zuen komiko bat zen. Nola izango da komiko baten mundua?, galdetu nion nire buruari. Ingelesez stand up comedy deitzen da. Jakin nahi nuen nola sentitzen den halako pertsona bat jendaurrean. Hauxe lagun bati komentatu nion eta Oiartzungo gaztetxera gonbidatu ninduen eta hamar minutuko bakarrizketa bat egitea proposatu zidan. Joan nintzen eta 40 minutuz aritu nintzen. Gero euskaltegi batetik deitu ninduten eta bakarrizketak egitea proposatu zidaten.
Hainbat lehiaketetan ere parte hartu duzu.
Iaz Villabonako lehiaketan parte hartu nuen, hemen dagoen garran-tzitsuena. Azkena atera nintzen eta oso ondo pasatu nuen. Txiste asko egin nituen eta jendeak barre egin zuen. Barre eginaraztea da zure zeregina stand up comedy egin nahi baduzu. Handik bi astetara beste parte-hartzaile batek deitu zidan eta herriz herri joan ginen: Azkoitia, Azpeitia, Irun... Irunen txapelketa bitxia izan zen. Kanpotik etorri ziren espainiar asko. Bi finalerdietako bat irabazi nuen. Finalean ez nuen hain ondo pasatu, jendearen jarrerarengatik. Ni beti luzatzen naiz ekitaldietan, ohituta nago ordu beteko emanaldiak ematen. Hemen halakorik ez da egiten, Irlandan eta Ingalaterran bai. Nire eraginak hangoak dira.
Oso desberdina da ingelesez eta euskaraz bakarrizketak egitea?
Ez dakit, ez dut ingelesez inoiz egin, bakarrik euskaraz.
Oraingoan emanaldi berezi bat prestatu duzu, 'An Senachai Road Show' deitzen dena.
Senachai gaelikoz ipuinlaria da. Herriz herri ipuinak kontatzen joaten ziren gizonak ziren afari edo lo egiteko leku baten truke. Hori galdu egin da gaur egun. Nire ideia zen emanaldi multimedia bat egitea. Nire lagun Mattin komikilariari proposatu nion bere marrazkiak proiektatzea, nik bakarrizketa egiten nuen bitartean. Nire testuak bidali nizkion Mattini eta berak marrazkiak egin zituen. Marrazkiak oso politak dira. Nik egindako emanaldia ez dakit hain polita izango den, baina marrazkiak bai (barreak).
Noiz duzu hurrengo ekitaldia?
Apirilean Eibarren izango da, Patxi Lopezen etxearen ondoan. Agian ni ikustera etorriko da (barreak). 50.000 euro ematen dizkiogu urtero euskaraz ikasteko. Beno, azkenean agur esaten ikasteko ematen diogu diru hori. Zein izango da bere irakaslea? Iñaki Ordaingarin? (barreak).
Donostiarrok umorerik badugu?
Guztiok daukagu umorea, noski. Egin dudan azken emanaldian umorea daukagun edo ez daukagun, horren inguruko galdera mahai gainean utzi nuen. Ezberdina da euskaraz eta gaztelaniaz aritzea. Jendea ez dago euskarazko bakarrizketak entzuten ohituta. Baina gero eskertu egiten dute. Saio bat egin genuen Azpeitiko kafe antzokian, oso leku polita da. Saioan ari ginen bitartean, ikusleek ez zuten barrerik egiten baina bukatzean txalo asko egin zuten. Ematen du batzuetan ondo pasatzen ari zarela baina ez duzula barrerik egin nahi.