PIRINIOETAKO Lan Komunitateak (CTP) Aieteko Axular Lizeoak aurkeztutako ingurumen proiektuari sari bat eman dio. Berez, Thèzako (Langedoc-Rousillon, Frantzia) Federico García Lorca ikastetxearekin batera landutako egitasmoa da europar erakunde edo kontseilu honek saritu duena 2011ko gazteriaren sariarekin.

"Rousillonetik Euskal Herrira: garapen jasangarriaren bideetan zehar izenburuko proiektuari esker, Pirinioen bi aldetako ikasleek, katalanek zein euskaldunek, aukera izango dute beraien herrialdeetako ingurumen-errealitateei buruz ikasketa eta hausnarketa egiteko", azaldu zuten Axular Lizeoko arduradunek, saria jaso ostean.

saria

Banaketa, Toulousen

Toulousen jaso zuen errekonozimendua Aieteko ikastolaren izenean Xabier Insausti irakasleak, ikasleekin garatutako proiektuaren zuzendariak. Urriaren bukaeran izan zen banaketa, hain zuzen, Pirinioen bi aldeetako erakundeak biltzen dituen kontseiluaren lan bileran. Bertan CTPko lehendakari berri Nafarroako presidente Yolanda Barcina aukeratu zuten, eta hark eman zien eskura lortutako saria Axular Lizeoko eta García Lorca ikastetxeko arduradunei.

Hemendik aurrera eta saritutako proiektua garatzeko, ikasturte osoan zehar ikasgela birtualaren bidez hainbat gai jorratuko dituzte Axularreko ikasleek eta García Lorcakoek. "Aldi berean, bi herrialdeak bisitatuko dituzte garapen jasangarriaz lanean diharduten erakunde eta enpresekin harremanetan jarri, historia, gizartea eta kultura ezagutu eta hizkuntzak ere praktikatzearren", adierazi dute Aieteko Lizeoko arduradunek.

Ez da, hala ere, Axularrek Europan jaso duen lehen saria. Besteak beste, kontinenteko First Lego League lehiaketan aritu ziren ikasleak. Eta ingurumenari dagokionez, urteak daramatzate Agenda 21 proiektua garatzen.