donostia. Amaia Llorente Museum Cemento Rezolako koordinatzaileak urte hauetan azpiegiturak auzotarrekin harreman sendoa izatea lortu duela nabarmendu du. Porlanari eskainitako museo bat ez ezik, añorgatarrentzako eta donostiarrentzako espazio kultural bat ere izan nahi du.
Hamargarren urteurrena ospatzen ari zarete baina jada museoak hamaika urte bete ditu.
Orain dela urtebete hasi ginen hamargarren urteurreneko ospakizunekin eta orain itxiko ditugu ospakizunak, urriaren 4an inauguratu genuen Rafael Moneoren erakusketarekin. Loiolako Erriberetako elizaren eraikuntzaren inguruko erakusketa da eta urtarrilaren 15era arte izango da zabalik.
Zein balorazio egiten duzue orain arteko ibilbideaz?
Positiboa, batez ere publiko aldetik, gero eta jende gehiago hurbiltzen delako. Jende askok errepikatzen du gainera, eta horrek aberasten gaitu. Beste alde batetik, Añorgako auzoarekin harremana gero eta sendoagoa da: gela bat uzten diegu bilerak egiteko behar badute, adibidez, eta horrek indartu egiten du haiekin dugun harremana.
Zenbat pertsona etorri dira museora zabaldu zenutenetik?
78.000 pertsona inguru. 80.000ra heltzea espero dugu urtea amai-tzean. Urtez urte handitzen joan da kopurua, azkenaldian 7.000 bisitari inguru izaten ari gara urtero.
Añorgatarrak al dira batez ere museora etortzen direnak?
Ez, denetarik dator. Zementuarekin erlazioa duten erakusketak ekartzen saiatzen gara, arkitekturarekin zerikusia dutenak, ingurumenarekin, ingenieritzarekin... Badago publiko bat horrelako aldi baterako erakusketak ikustera beti etortzen dena.
Berezia da zementua egiten duen lantegi batek museo bat zabaltzea. Zer dela eta erabaki zuten?
Publikoari zementua nola egiten den erakustea zen helburua, eta zer garrantzia duen gaur egun material gisa. Gainera, orain dela hamaika urte lantegiaren 150. urteurrena izan zen eta ospakizunekin batera erabaki zen museoa zabaltzea, lantegiaren historia hori guztia kontatzeko. Ez bakarrik zementua nola egiten den erakusteko, baizik eta historiari leku bat egiteko eta kontatzeko.
'Añorgatarrak' bideoa ere egin zenuten duela hilabete batzuk, auzotarren testigantzak jasotzen dituen dokumentala.
Ateak irekiak ditugu beti auzoarentzat. Jendea sartzen da eta haien anekdotak kontatzen dizkigute, lantegiarenak, han lan egiten zutenekoak, eta guk hemen lantegiaren historia kontatzen dugunean bisitaldietan askotan haien esaldiak jasotzen ditugu, gure diskurtsoa aberasten dute. Jende asko dago Añorgan lantegian lan egin duena, hau kolonia industrial bat zenean, eta pertsona horiek guri kontatzen zizkigutenak ez ziren jasota geldi-tzen. Horregatik pentsatu genuen horiek jasotzea, elkarrizketak egin eta grabatzea, jubilatuta daudenekin eta horrela lantegiaren eta auzoaren eboluzioa islatzea.
Dokumentala museoko erakusketa iraunkorrean txertatutako berrikuntzetako bat da, eta ingurumenari eskainitako txokoa, beste bat. Zer dela eta?
Lantegi guztietan bezala, hemen ere badago sail potente bat ingurumen arloa lantzeko eta guk museoan hori era mamitsuan erakutsi nahi genuen. Azkenean lantegi bat gara, harrobi bat ustiatzen dugu, labea daukagu... Hori dana izanda, gure emisioak eta eragina murrizteko zer egiten dugun kontatu nahi genuen.
Rezolari eta zementuari buruz duzuen erakusketa iraunkorraz gain, aldi baterakoak ere ekartzen dituzue. Beti zementuarekin edo Rezolarekin erlazioa dutenak bilatzen al dituzue?
Ez, askotan arkitekto baten obra aztertzen dugu, eta erakusketa itineranteak hartzen ditugu. Hasieran helburua lantegiko lana ezagutaraztea zen, baina azkenean zentro kultural bat ere izan nahi dugu.
Aldi baterako erakusketen artean, orain Moneorena daukazue. Zein izan da prestatu duzuen bereziena?
Moneorena asko gustatu zait, arkitektoaren estudioarekin izan dugun elkarlana oso ona izan da, eta horrelako aukera bat izatea asko gustatu zitzaigun. Suertea izan genuen Rafael Moneo bera etorri zelako erakusketa azaltzea duela aste ba-tzuk, eta hori pribilegioa izan da. Beste apostu bat Bunker-arkeologia erakusketa izan zen: Atlantikoko hormetan Hendaia inguruan sortu ziren bunkerrak agertzen zituen eta jende ugari etorri zen ikustera, irteerak antolatu eta antolatu aritu ginen, eskaera handia zegoen. Apostua beldurrarekin egin genuen, zementu museo bat izanda arkitekturarantz jo genuelako ordura arte, baina ez arkeologiarantz edo historiarantz. Jende asko hurbildu zen eta ondo atera zen. Eta duela gutxi Hormigoizko diseinua erakusketa izan genuen. Badirudi hormigoia normalean eraikuntzetan ikusten dugula, eraikin handietan, etxeetan... Erakusketan erakutsi genuen badagoela joera mobiliarioa ere zementuarekin egiteko, gauza txikiagoak egiteko: bankuak, mahaiak, lorontziak...
Zein izango da hurrengo apostua Moneoren erakusketaren ondoren?
Ez dakigu. Dena den, hamargarren urteurrena zela eta konbokatoria artistiko bat zabaldu genuen eta bertan aurkeztutako lanekin erakusketa antolatuko dugu urtea amaitu baino lehen. Irabazlea Ibon Mainar donostiarra izan zen, eta bere panelak sarreran jarri ditugu.