Donostia. Igeldotarrek herri kontseilua berritu dute. Pasa den igandean izan zuten bozkatzeko aukera eta bozkaketa horretatik atera ziren hemendik aurrera herri kontseilua kudeatuko dutenen izenak. Zazpi lagun izango dira: hain zuzen, pasa den igandean bozka gehien jaso zituzten lehenengo zazpiak.
Ramontxo Urruzmendi izango dute kontseiluko buru eta, harekin batera izango dira Igor Arrieta, Jon Uzkudun, Iñaki Marko, Ioritz Galparsoro, Iker Zinkunegi eta Gurutze Dorronsoro.
23 hautagai aurkeztu zituzten guztira eta 23 horietatik hiruren izenak aukeratu behar zituen bozkatzen zuenak. Guztira, 381 pertsona gerturatu ziren bozka-tzera, 800 igeldotar inguruk osa-tzen duten zentsotik.
Gainera, hauteskunde eguneko "bizitasuna" ere sortu zela Igeldon kontatu dute bozen antolatzaileek, hau da, aurreko herri kontseiluko kideek. Horiek izango dira lehen egun hauetan kide berriei orain arteko lanaren berri emango dietenak eta, baita ere, hemendik aurrera jarraitu beharreko lan ildoak proposatu zituztenak.
igeldotarren ordezkari Alde batetik, igeldotarren ordezkari izan nahi du herri kontseiluak eta, bestetik, eskumen gehiago lortu Igeldo kudeatzeko. Proposamen hori herri batzarrak babestu zuen hauteskundeak deitu baino lehen eta, beraz, horiek izango dira aurrerantzean lan ildo nagusiak.
Horrez gain, zazpi kideen artean eginbeharrekoak banatuko dituzte. Esaterako, kultura gaiak edo hirigintzakoak. Gainera, haien artean bildu eta funtzionatzeko modua ere adostu beharko dute, nahiz eta horretarako eta aurrerantzean sor ditzaketen lan taldeak osatzeko gainerako igeldotarren laguntza izango duten, baita aurreko herri kontseiluko kideena ere.
Aurreko kontseilua 1996. urtean sortu zen, igeldotarrek udalerri bihurtu nahi zutela bozkatu ondoren eta, batez ere, asmo horren alde lan egiteko. Egun, desanexioaren auzia epaitegietan dago.