SAN Luis eguna da gaur eta, asteartea izan arren, egun handia izango da herreratarrentzat. Pasa den ostiralean abiatu zituzten aurtengo jaiak Luisito eta Luisita auzotar bereziek eta asteburu luzearen ondoren, azken txanpari ekiteko prest dira.
Horretarako, auzoko patroiari eskainitako meza nagusia, jubilatuentzat hamaiketakoa eta herri bazkaria izango dituzte gaur, otxote batek lagunduta. 17.00etatik aurrera haur jolasak eta apar festa ere izango dira txikientzat, eta bertso afaria ere bai 21.00etan, Zumardi tabernan. Ia-ia festen azken uneak izango dira, ostegunean, San Juan bezperan, agurtuko baitira Luisita eta Luisito datorren urtera arte.
Hori bai, orain artekoekin, behintzat, ederki disfrutatzen ari dira. Izan ere, asteburu jendetsua izan dute auzoan. Ostiralean txupinazoarekin eta musikarekin hasi zituzten festak, eta Gatibu taldeak eskaini zuen kontzertua ere ez zen nolanahikoa izan, San Luis plaza bete baitzuen, eguraldia kaskarra izan bazen ere.
Larunbatean festarekin jarraitu zuten eta igande goizean, eguraldia lagun, XXXI. Joakin Intxausti Pipas Herri Krosa korritu zuten 50 lagunek: Xabier Satrustegi nafarra izan zen garaile (19,55 minutu); bigarren Victor Madejon irundarrak egin zuen eta Asier Urdanpilleta lezoarrak, hirugarren.
Zortzi emakumek ere korritu zuten, eta Irungo Marisol Martínez izan zen horien artean lehena (25,08 minutu). Larratxoko Naiara Casi izan zen bigarrena.