Donostia. Alazne Olaizolak hartuko zuen atzo Imanol Azpirozen lekukoa Zubietako auzo alkate moduan, Kaxkapen izan zen ekitaldian. Hala bost kidek osatzen dute Herri Batzar berria: Donostia aldeko bi ordezkarik -Fernando Iturralde eta Mikel Munduatek- eta Usurbilgo hiruk -Alazne Olaizola, Unai Agirre eta Joxeli Arostegik-.

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan boto gehien jaso zituen Olaizolak "ilusio eta gogo handiz" hartu zuen kargua eta "herritarren esatekoak aurrera eramateko" nahia erakutsi zuen, Herri Batzarreko kideak "entzuteko prest" daudela gaineratzearekin batera.

Zubietako Herri Batzarreko kideak bereziki pozik agertu ziren kargua hartzeko ekitaldian Usurbilgo alkatea egotea ohikoa izaten baita, baina ez Donostiakoa ere bertaratzea eta aurten Usurbilgo alkate Mertxe Aizpurua eta Donostiako Juan Carlos Izagirre izan ziren ekitaldian. Hala, Olaizolak gogoratu zuen orain arte "hutsaren hurrena" izan direla zubietarrak, baina orain "aro berri bat" irekitzen dela eta, hemendik aurrera Donostiako Udalarekin izango duten harremana gaur artekoa baino hobea izango dela, izan ere, badakite "Donostiako Udalaren ateak zabalik egongo direla. Eta eskatzen diegun lehen gauza entzutea da".

Donostiako alkate Juan Carlos Izagirrek ez zuen denborarik galdu eta hurrengo asteetan hitz egiteko gonbitea luzatu zien bai Zubietako auzo alkate izandatu berriari bai Usurbilgo alkate Mertxe Aizpuruari, izan ere, berriro azpimarratu zuen Donostiako gobernuak "deszentralizazioaren alde egingo duela azaldu du behin eta berriz" eta Zubietako kasuan ere bai, zubietar gehienek hala nahi izanda, "herri honek erabakitzen duena errespetatzeko prest" daudela esan zuen. Gainera, Zubietarako "mahai gainean dauden" hainbat proiektu: erraustegia, kartzela, industria poligonoa, etxebizitzak... "berraztertzeko asmoa" dutela esan zuen Izagirrek, eta prozesu horren baitan "herria informatu, eztabaida sozial zabala egin eta denon artean erabakitzea" nahi dutela azaldu zuen Donostiako alkateak.

Era berean, Aizpuruak txikitasunaren aldarria egin zuen ekitaldian: "Txikiak gara, txikiak zarete, Euskal Herria ere txikia da neurri batean, baina ez dago amets txikirik, beraz, jarraitu aurrera". Gainera, atzokoa "egun historikoa" zela azpimarratu zuen Usurbileko alkateak ere.

Egun, Zubieta, Donostia eta Usurbilen artean banatuta dagoen auzoa da. Nahiz eta ahalmen askorik ez izan, Alkatetza pedaneoa gaur arte mantentzea lortu du.

Atzo berritu zen Herri Batzarraren funtzionak honokoak dira: Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo udalei; beren gaien inguruko aholkuak ematea udal zerbitzuei; Donostiako eta Usurbilgo udaletan aztertzeko proposamen zehatzak egitea; azterketa eta proiektuei buruz udalek erabakiko dituzten akordioak bete daitezen ziurtatu; udalek Ba-tzarrari ematen dizkieten fondoak administratu eta haien kontu zuzena eman, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenurako eta bere gain jartzen dituzten fondoak administratzea. Gainera, Donostia eta Usurbilgo udalek Herri Batzarraren gain beste edozein ahalmen jar dezakete.