Donostia. Igeldok hauteskundeak izango ditu bihar. Horien helburua oso argia da: herri kontseilua berritzea. Egungoa 1996an osatu zen eta 20 igeldotar izan dira taldekide, hamabost urtez. Bihartik aurrera, 20 izatetik zazpi izatera pasako dira.
Oraingo kontseiluko kide Koldo Lizarraldek azaldu du hauteskundeetara iristeko prozesuak hainbat fase izan dituela. Lehenengoan, igeldotarrek hautagaiak aurkezteko epea ireki zen. Gero, banan-banan, kandidatu bakoitzak hautagai izateko onespena eman behar izan zuen. Azkenik, 23 pertsona izango dira hautatuak izan daitezkeenak. Horietatik, hautesle bakoitzak hiru aukeratu beharko ditu bihar. Botu gehien lortzen dituzten zazpiek osatuko dute herri kontseilu berria, hurrengo lau urteetarako. Modu berean, taldea osatzen duten pertsonetatik bozka gehien lortu dituena kontseiluaren buru izango da.
Igeldoko adinagusiko bizilagun guztiek egun osoa izango dute botua emateko, Itsas Aurre kultur etxean. Goizean, 9.00etatik 14.00etara, eta arratsaldez, 16.30etik 19.30era.
Hasiera-hasieratik herri kontseiluak Igeldoren desanexioaren alde lan egin du. EAEko epaitegi nagusian aurkeztutako helegiteen eran-tzunaren zain daude orain. Gainera, toki entitate txiki bihurtzeko prozesua ere martxan jarri zuten, egun geldirik dagoena. Bihartik aurrera taldea osatuko duten kide berrien bizkarrean eroriko da Igeldoko kudeaketarako ahalmen gehiago lortzearen alde lan egitearen eran-tzukizuna.
Orain arteko Igeldoko kontseiluaren bozeramaile ezagunenetako bat Donostiako alkate berria izan da, Juan Carlos Izagirre.
zubietan ere Hain zuzen ere, alkatea Zubietan izango da gaur, herri batzar berriararen osaketan eta auzo-alkatearen aurkezpenean.
Herri hauteskundeekin batera berritzen da batzarra eta Zubieta Donostia eta Usurbilen artean kudeatzen dute. Lau urtetik behin, udalerri bati edo besteari egokitzen zaio batzarra osatzea. Oraingoan, Gipuzkoako hiriburuari egokitu zaio.