GAUR arratsaldeko 19.00etan da hitzordua. Alde Zaharreko Konstituzio plazak, lehenengo aldiz, Txosna fashion week ekimena hartuko du.

Izen hori aukeratu du Donostiako Jai Herrikoien Koordinadorak, hain zuzen, jai herrikoiak aldarrikatzeko. Auzoetako festa batzordeetako kideek eskaera zerrenda bat osatu dute: Udalean batzorde iraunkor bat osatzea eskatuko dute, auzoteko ordezkariekin; auzoetako jaiak ondare kultural gisa errekonozitzea eta ekimen herrikoiek Administrazioaren babesa edukitzea nahi dute, horiek gauzatzeko oztoporik gabe; auzoetako festa egun horietan ordutegi bereziak ere nahi dituzte, luzeagoak, alegia; azken urteotan krisia dela eta izan diren murrizketak gainditu eta diru-laguntzak, behintzat, 2008ko kopuruetara itzultzea eskatuko dute eta auzo bakoitzeko festetako pertsonaia eta ikurrak errekonozitzea ere bai. Azkenik, "jaiak antolatzeko eskubidea ukatua dutenei" hori itzultzea exijituko dute, "zilegitasun osoko jai ba-tzordeak direlako".

Hori guztia aldarrikatzeko asmoa dute gaur arratsaldeko ekitaldian. Txosna fashion weekera donostiar guztiak daude gonbidatuta eta Interneteko Facebook sare sozialaren bidez luzatu dute eskea. Bakoitzak bere auzoko jaietako kamisetak edo zapiak eramateko deia ere egin dute koordinadoratik.

Hortik aurrera, festa giroan ekin nahi diote Txosna fashion week honi. 19.00etan hasiko da eta 22.30era arte izango dira jai ba-tzordeetako kideak Konstituzio plazan.