IA 100 bat bizikleta salgai eta 10.00etarako, jada, jende ilara zain. Arrakasta izan zuen beste behin ere Bizitruk bigarren eskuko bizikleten azokak atzo goizean Easo plazan, Donostitruk eta Kalapie elkartearen eskutik antolatuta. Hori bai: iaz baino publizitate gutxiago egin omen diote Bizitruk ekimenari eta, hori dela eta, aurreko urtean baina bizikleta gutxiago eraman zituzten donostiarrek salgai jartzeko asmoz.
Guztira ia 100 lagun izan ziren, esan bezala, 10.00etarako jada haien zikloa entregatu zutenak. Ordu horretan postua zabaldu eta lehen erosleak sartu ziren, haien gustukua topatuko ote zuten. Bezeroen joan-etorria etengabea izan zen Kalapieren eta Donostitruken postuan eta horren adierazle ziren ordu gutxitan lortutako datuak: bi ordu bakarrik pasa zirenean jada ia 60 salduta zeuzkaten eta 20 bat baino ez ziren geratzen erakusgai.
"Saldu ditugun gehienak paseokoak dira, horiek baitira bezeroek gehien eskatzen dituztenak. Baina umeen txirrinda asko ere saldu ditugu", kontatu zuten Kalapie txirrindularien elkarteko kideek.
Batezbeste 50 edo 60 euro ordaindu zituzten erosleek bigarren eskuko bizikletengatik, baina bazeuden salbuespenak ere: 285 euroko txirrinda oso on bat erosi zuten eta beste horrenbeste balio zuen beste batek salgai jarraitzen zuen eguerdian, errepidean ibiltzeko bizikleta baliotsua. Hori bai, Kalapiekoek gogoratu zuten Bizitruk azoka honetan gehienez 300 euro eskatu ditzaketela bizikletak saldu nahi dituztenek.
lapurtutakorik ez
Erregistroa
Bestalde, eta lapurtutako txirrindarik salgai ez jartzeko, Udaltzaingoak jasotako guztiak errebisatu zituen, haien datu basean dauden denuntziekin bat egiten ez zutela ziurtatzeko. Gainera, bizikleta erosten zutenei ere Kalapieko kideek Udalak duen erregistroan izena emateko gomendatu zieten: bizikleta norberarena dela akreditatu eta zenbaki batekin identifikatzen dute. Hala, lapurtuz gero eta Udaltzaingoak berreskuratuz gero, jabeari itzultzeko aukera dago.
Lehen orduko erritmoak behera egin zuen Eason atzo eguerditik aurrera baina Bizitruk azoka txikiak 14.00etara arte jarritu zuen zabalik eta txirrinda batzuk gehiago ere saldu zituen ateak itxi baino lehen. Hurrengo hitzordua datorren urtean jarriko du Bizitrukek.