Donostia. "Nazkaturik". Honela daude Herreran. Duela sei urte hasi ziren obrak "amaigabeak" irudi-tzeaz gain, "txapuzeroak" direla diote eta, horregatik, Herripe bizilagun elkartea mobilizazioetara itzuli da: hasteko, duela hamar egun Bulebarrean kontzentratu zen.

San Luis plaza berritu zuen Udalak lehenengo, gero Txingurriko bide berria egin eta, ondoren, plazako etxebizitzak eraiki. Bizilagunak lan hauen guztien amaierara iristear zeudela pentsatzen hasi bezain pronto, EuskoTrenek Topoaren egoki-tzapenei ekin zien, eta Herrerako geltokira obrak berrekarri zituen.

Trenbide bikoizketa lanak eta lur azpiko estazio berriaren eraikuntza izan dira auzotarrak gogaitu dituztenak azken hilabeteotan. Tuneladora erraldoi batek lurzorua zulatu behar zuen eta lan horien ondorioz, bibrazioengatik objektuak erori ziren, hautsak etxe eta dendak zikindu zituen, argia nola ura behin eta berriro moztu zuten eta ur-biltzaile bat apurtu ondoren, pazientzia bukatu zaie Herripekoei.

"Egiten ari diren lan guztiak gurekin kontatu gabe egiten dituzte eta akats handiekin", dio Unax Segesek, bizilagun elkarteko kideak. Dioenez, honen froga dira, alde batetik, Txingurriko bidearen azpian (San Luis plazan) sortzen diren pu-tzuak. "Azken hilabetean, lau aldiz izan dira uholdeak eta behin urak kotxe bat harrapatu zuen, autoa erabat hondatuz eta ume bat barruan zuela", azaldu du. Gogoratu du urak gainezka egin ez zezan egin zituztela plazako berriketa lanak.

"Txapuza bat bestearen atzetik egiten dute", baieztatu du Segesek, eta "errespetu falta bat" dela uste dute elkartean. Horregatik, hilaren 18an Udaletxe aurrean bildu ziren, obrako kaskoak buruan eta bonboak eskuan alkatearen berehalako dimisioa eskatzen. Ordainetan, gutun bat bidali zien Odón Elorzak bizilagunei, ur-biltzailea zergatik hautsi zen azaltzeko eta aste honetan erabat konponduta egongo zela adierazteko.

"Kartak sutu egin ninduen. Berdin da zer gertatu den, inporta dena da ez dutela ondo kontrolatu eta hori konpontzeko langileak dituztela gau eta egun lanean. Zenbat diru da hori?", galdetu du elkarteko kideak eta gaineratu du, bien bitartean, langileak San Luis plazan kanpaturik dituztela "kanpadendatan".

Herripekoentzat alkatearen azken "txantxa" Udalak eman berri dien lokala da: "Ur hodiak falta zaizkio. Ezin dugu komuna jarri. Nola liteke?". Gauzak horrela, lehen kon-tzentrazioaren ondoren, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute herreratarrek.