Horiek garatzeko, alde batetik, Administrazioaren barruan, langileen inplikazioa bilatzen saiatu dira azken urteotan eta bestetik, hirian, elkarteen lankidetza. Azken lau urteotako euskararen plan markoaren emaitzen balorazioa egin du Ainhoa Beola Euskara zinegotziak, aste gutxi barru onartuko duten hirugarren planaren lan ildo nagusiak iragartzearekin batera.
Donostiako Udalak 2001ean abiatu zuen lehen programa markoa eta 2006an, bigarrena. Azken lau urte hauetan 6,6 milioi euro bideratu ditu Patronatuak guztira 539 ekintza burutzeko, lehenengo planean baino 1,6 milioi euro gehiago eta 130 jarduera gehiago. Urte horietan, gainera, hiritarren errealitate soziolinguistikoa ere aldatu da, euskaldun eta ia euskaldunen kopuruak gora egin baitu (2006ko azken datuen arabera donostiarren %67 da euskalduna edo ia euskalduna) eta erdaldunenak, behera. Testuinguru horretan, Euskararen Patronatuak komunikazioa eta sentiberatzea jorratzen egin duela ahalegina azpimarratu du Beolak, baita lan munduan euskal hizkuntza bultzatzen ere.
Horretarako, hainbat elkarterekin elkarlanean abiatu dituzte egitasmoak urte hauetan: Euskararen Hiria marka sortu, merkatariei haien zerbitzuak euskaraz eskaini ditzaten www.merkatari.net webgunean baliabideak eman dizkiete (tabernetan janari kartak euskara-tzeko hiztegiak, esaterako), aisialdian haur eta gazteek euskaraz goza dezaten jarduerak antolatu dituzte, kultura alorrean eskolarteko literatur lehiaketak antolatu dituzte edo Zinemaldian euskararen presentzia areagotu dute. Guztia, aipatu bezala, lankidetzan egiten saiatu direla azpimarratu du Beolak, eta horren emaitzetako bat iazko euskararen egunaren inguruan auzoz auzo eta hiru asteetan zehar antolatu ziren ekitaldiak nabarmendu ditu.
"Auzoko programa ere abiatu dugu, erdaldunak euskaldunekin biltzen dituen programa", azaldu du zinegotziak. Mintzalagunaren proiektuaren ildotik, Auzokok euskal hizkuntzarenganako lehen kontaktua eskaini nahi die erdaldunei (euskara ikasten hasi baino lehen) eta, baita ere, etorkinei. Antiguan egin dute lehen esperientzia pilotoa eta emaitzak positiboak izan direla aitortu du Beolak.
Ildo horretan, euskaltegiekin lankidetzan euskarazko eskoletarako laguntzak ere bultzatzen dituela Patronatuak gogoratu du aurreko planaren balorazioa egiteko garaian, eta etorkinengana gerturatzeko haien ordutegi eta egoitzetara moldatzen direla, besteak beste. Beolaren arabera, azken urteotako esperientziak erakusten du etorkinek normalean jarrera positiboa dutela euskararekiko, euskal herritarrekin harremana izan nahi dutelako eta horretarako euskara behar dutela konturatzen direlako. Azken urteotan haien matrikula kopuruak gora egin duela dio zinegotziak.
Azken urteotako berrikuntzen artean eskoletan ahozkotasuna lan-tzeko programa aipatu du, bertsolaritza tailerrekin, eta Ahotsak ekimena ere lagundu dutela, 150 donostiarren euskara jaso duena.
Udal administrazioan
Batzordeak departamentuetan
Udal Administrazioaren baitan, bestalde, hurrengo plan markoaren helburua izango da legeak exijitutako portzentaiatik gora igotzen jarrai-tzea egiaztatutako perfilen kopurua eta sailez sail euskararen erabilera lan hizkuntza bezala bultzatzea. Horretarako, udaletxean batzordeak osatu dituzte, departamentu bakoi-tzeko egoera aztertu eta neurri zeha-tzak proposatzeko bertan erabilera bultzatzeko. Batzorde horiek guztiak koordinatzen 90 langile inguru ari dira, eta Beolak uste du haien ekarpena ezinbestekoa izango dela datozen urteotan, lekuan lekuko neurriak eraginkorrak izan daitezen eta errealitate bakoitzaren beharrei erantzun diezaieten.
Bestalde, udal Administrazioaren baitan dauden enpresa publikoetan euskalduntzea bultzatzen ari direla nabarmendu du, legez horiei euskara planik exijitzen ez bazaio ere. Ildo horretan, zinego-tziak legea aldatzearen alde egin du enpresa publikoek plana derrigorrezkoa izan dezaten, horrek diru laguntzak eta baliabideak lortzeko aukera zabalduko lukeelako.
"Administrazio publikoek eredu izan behar dute hizkuntzaren normalizazioan", aitortu du Beolak, oraindik ere egiteko asko dagoela nabarmendu badu ere normalizazio hori Administrazioan zein gizartean lor-tzeko. Baina prozesu horretan gidaritza eramatea erakundeei dagokiela uste du eta lan hori datozen asteotan onartuko duten hirugarren plan markoaren bitartez gauzatu nahi dutela.
Euskararen normalizaziorako bidean donostiarren konpromisoa ere badutela azpimarratu du, abenduan abiatutako Milaka ahots, milaka aurpegi kanpainak bakarrik 14.000 lagunen konpromisoa jaso baitzuen.
Azken finean, herritarren eta elkarteen eta Administrazio barruko langileen lankidetza bila-tzen jarraituko dutela dio, Donostian hiritarren euskalduntzea bultzatzeko, erakundeek beraiek hizkuntza erabiltzeko, herritarren eskubideak bermatzeko eta euskararen aldeko dinamikak sustatzeko helburuarekin.