Síguenos en redes sociales:

Lagun ezkutua eta karaokea izango dira bihar grosen

Catalina Erauso Arte Elkartean eta haurtxokoan izango dira ekintzak

Donostia. Donostiar gazteak oraindik oporretan daude eta haien denbora librea aprobetxatzeko hainbat ekitaldi izango dituzte aste honetan oraindik. Grosen, esaterako, bihar arratsaldean aukera bat baino gehiago izango dute gaztetxoek, Gabonak Zure-tzat programaren baitan prestatutako jarduerei esker.

Catalina Erauso Arte Elkartean, adibidez, lagun ezkutua izango dute. 16.30etik 18.30era opari banaketa izango da, sei eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzenduta, Galtzara Nagusiko 10. zenbakian kokatutako elkartean.

Musika gustuko dutenek, ordea, Groseko haurtxokora egin dezakete bisita bihar bertan. 17.00etatik 20.00etara karaoke txapelketa prestatu dute. Okendo kultur etxeko jarduera hori ere sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta antolatu dute.

13 eta 17 urte arteko gazteek, aldiz, zinemara joateko aukera izango dute. Okendo kultur etxean bertan El beso del dragon filma eskainiko dute, 18.30etik aurrera.

asteartean ekitaldi gehiago Dena den, bihar bestelako planik dutenek berriz ere izango dute lagun ezkutuari oparia egiteko aukera. Izan ere, Catalina Erauso Arte Elkarteak asteartean berriz programatu du ekimen hori, ordu berean eta adin bereko gaztetxoentzat.

Okendo kultur etxean beste zinema emanaldia ere izango da asteartean, kasu honetan, sei eta hamabi urte arteko haurrentzat. Cuento de Navidad eskainiko dute 17.00etatik aurrera.

13 eta 17 urte arteko gazteen plana astearterako, aldiz, txapelketak izango dira. Ping pong eta mahai futbol lehiaketak prestatu dituzte Groseko gaztelekuan, 18.00etan hasi eta 20.30era arte.

Errege eguna pasa eta hurrengo astean itzuliko da ohiko programazioa Groseko kultur etxe, haurtxoko eta gaztelekura, gainerako auzoetako azpiegituretara bezala.