Síguenos en redes sociales:

Badatoz Porrontxoak, txosnekin

Udala eta jai batzordearen arteko azken hilabeteotako liskarren ondoren, heldu dira Porrontxoak eta, azkenean, beti bezala, txosnak eta taula jada prest daude Egian. Auzoko festek 30 urte betetzen dituzte eta urteurrena ospatzeko nobedadeak dakartzate.

Txosnak prest daude jada, urtero bezala, Plaza Haundin (Martin Santos). Eta aurten, gainera, karpa bat ere montatu dute Plaza Berrin (Iruresoro). Udala eta jai batzordearen arteko liskarrak gaindituta, azkenean, azpiegiturak jartzeko baimenak lortu eta jaiak urtero bezala ospatzeko guztia prest dute egiatarrek.

Hasteko, eta giroa berotzeko, etxe askotan banatutako globoak puztu eta balkoi eta leihoetan zintzilikatzear daude, biharko txupinazotik igandera bitartean auzoko kaleei kolorea ematen laguntzeko. Horretarako koloretako banderatxoak ere badira zintzilik Porrontxoetako gune nagusi izango diren bi plazetan.

Izan ere, aurtengo nobedadeetako bat Plaza Berri izango da. Udalarekin akordio batera heltzeko asmoz eta auzotarrek eragozpen gutxiago jasan ditzaten, zarata gehien sortzen zuten txosnak Tejeria kaletik atera eta, horien ordez, karpa bat izango da Plaza Berrin. Hala, Tejeria kalean ekintzak egunean zehar bakarrik izango dituen txosna bakarra izango da aurten, eta gaueko jende multzoa Plaza Haundin eta Plaza Berrin biltzea espero dute antolatzaileek.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat larunbatean izango den Sagardo Eguna da. Goizean goiz hasita, trikitilariak, joteroak, tortila txapelketa eta Potejakue bidea antolatu dituzte, besteak beste.

Eguna borobiltzeko, gauean, koadrilen afaria izango da eta, gauari hasiera emateko berbena Traketsen eskutik, goizeko ordu txikiak arte.

Hain zuzen, ordutegia izan da Udalarekin izandako negoziaketetan beste puntu garrantzitsu bat. Hala, nahiz eta koadrilek ostiral eta larunbatean txosnak 5.00etara arte zabalik egoteko eskatu, azkenean hitzartutakoaren arabera ostegunean 2.00etarako eta ostiral eta larunbatean 3.30erako itzali beharko dute musika (beste ordu erdi dute aurreikusita jendea aldentzen joateko).

Jai batzordearen beste proposamen bati jarraituz ordezkari ba-tzuek udaltzainekin batera batzorde bat osatuko dute, adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

Jaien hasiera

Gaur aparra, bihar txupinazoa

Nahiz eta Porrontxoetako egun handiak asteburuan helduko diren, egiatarrek jada abiatu dituzte festak. Pasa den asteburuan kalejira eta umeentzako jolasak izan ziren eta gaur arratsaldean, berriz ere, gaztetxoak izango dira nagusi, apar festa izango baitute 17.00etatik aurrera Plaza Haundin. Ondoren, auzoko tabernen artean pintxo lehiaketa izango da eta Frantziskotarren elizan Erioa eta Dontzeia antzerki lana eskainiko dute.

Bihar izango da, hala ere, festetako txupinazo eta pregoia, 20.00etan, eta minutu bat beranduago abiatuko dira auzoko koadrilak Porrontxo eta Porrontxinarekin, txarangak lagunduta.