DONOSTIA. Atzokoa oroitzeko moduko eguna izan zen umeentzat. Izan ere, txikienek era guztietako jardueratan aritzeko aukera izan zuten: harriak jasotzen, txingekin, eskupilotan, eskriman, dantzan... Eguraldia lagun, hondartzaren ordez jokoak aukeratu zituzten haur eta gurasoek arratsaldea primeran pasatzeko parada izan zuten.
Aste Nagusiaren baitan umeen-tzat prestatutako jarduerak gune desberdinetan banatuta egon ziren. Bretxako plazoletan, artzain jokoak zeuden progamatuta. Kursaal inguruan, haurrek Magrebeko kulturari buruz zerbait ikasteko aukera zuten: arabiar kaligrafiako lantegiaz gain, ipuin kontalari bat ere bazen. Eta Donostiako Piratek ere haurrentzako plana zuten atzokorako. Euren gunean, Trinitate plazan, Rum Rum Rockeko neskek sekulako giroa jarri zuten gaztetxoenentzat.
Bestalde, txikienek kirol jarduera berriak frogatzeko aukera ere izan zuten: eskriman, aerobikean eta tenisean aritu ziren asko, alajaina. Hori bai, ekintza denetara heltzea ezinezkoa zen. Zorionez, gurasoentzat, ekitaldi gehienak ordu hasi ziren, arratsaldeko 17.30ean.
ARTZAIN JOKOAK Gazteenak eta euskal usadio zaharrena nonbaiten uztartu baziren atzokoan, Bretxako plazoletan izan zen, bertan ospatu baitziren artzain jokoak. Jarduera Kulki taldekoen eskutik etorri zen, eta haur eta guraso andana biltzea lortu zuen.
Jokoen oinarria herri kirolak eta baserriko lan ezberdinak ziren. Umeek pilotan jokatzeko aukera zuten, txalaparta jotzekoa edota, idiak bailiran, sekulako harritzarretatik tiraka ibiltzekoa. Probaleku eta frontoi inprobisatuak finkoak ziren, baina hauez gain begiraleak jarduera ezberdinak antolatzen pasa zuen arratsaldea.
Horrela, gaztetxoek euren indarra eta erresistentzia txingak garraiatuz frogan jarri zituzten. Binaka, koordinazio nahiko eskasarekin, trontzan ere ibili ziren. Taldekako kirolentzat ere egon zen tokirik. Hemen, sokatira izan zen jarduerarik arrakastatsuena, parte-har-tzaile ugari eta, batez ere, ikusleria zabala biltzea lortu baitzituen. Gurasoez gain, jende askorengan piztu zuen ikusmira jarduera honek.
Azpimarratzekoa izan zen Kulki Kultur taldekoen lana, euren antolatzaile papera primeran bete bai-tzuten. Begiraleek, kirol ezberdinak umeei erakusteaz gain, sekulako giroa jarri zuten. Bretxa aurrean, behintzat, ez zen musika beharrik izan.
PLAZA TOPERA Piraten gunean ere giro bikainean pasa zuten arratsaldea gaztetxoek: musika, dantza, ur jokoak... Denetik egon zen, eta Rum Rum Rockekoek ikusleria oso aktibo baten partaidetza izan zuten lagun.