Añorga Txikiko geltoki zaharra botako du EuskoTrenek gaur eta larunbata bitartean
estazio berria Topoa berritzeko proiektuaren baitan kokatzen da Gainera, Errekalden dagoen errailen gaineko pasabidea kenduko dute
donostia. Eusko Jaurlaritzak gaur hasiko ditu EuskoTrenek Donostiako Añorga Txiki auzoan duen estazioa botatzeko lanak. Gauez egingo dituzte obra horiek gehienbat eta larunbaterako bukatzea espero dute. Gaurko geltokia botatzea eta berria eraikitzea aurreikusita zegoen Topoaren ibilbidean errailak bikoiztu eta zerbitzua hobetzeko proiektuan.
Hala azaldu zuen atzo Euskal Trenbide Sareak (ETS), Garraioen Sailaren baitan dagoen erakunde publikoak, eta eraisteko lanek Topoaren jardueran ahalik eta eragin txikiena izango dutela aurreratu zuen.
Lasarte-Oriatik Hendaiara doan ibilbidean trenbidea hobetzeko lanetan murgilduta dago ETS, errail bakarra bikoitz bihurtzeko lanetan, hain zuzen ere. Eta errail berria eraikitzeaz gain, ibilbideko hainbat geltoki ere berritu behar dituzte, Añorgakoa, besteak beste.
Estazio berria eraikitzen denbora gutxi barru hasiko direla iragarri zuen atzo Jaurlaritzak, eta hori dela eta, egun hauetan ekingo diete egungo geltokia eraisteko lanei. Horien ardura duten teknikariek inguruko biztanleekin bilerak izan dituztela ere argitu zuen ETSk, lanen berri emateko.
Hala, hauek amaituta, estazio berriaren eraikuntzarekin eta inguruaren egokitzapenarekin hasiko dira. Izan ere, geltoki berria auzoan hobeto integratuta egongo da, eta ustiapenean ere abantailak ekarriko ditu. ETSk azaldu duenez, ingurua berritzean pertsonei eta merkantziei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko Trenen Aurreratze eta Aparkatze Postu bat (T.A.A.P./P.A.E.T.) sortuko dute.
EuskoTreneko errailak bikoizteko lanak 2.165 metroko luzeran egingo dituzte Añorga-Errekalde zatian. Horietatik 960 tunel barruan joango dira, eta beste 45, N-I errepidearen gaineko bidezubi berritik. Bikoizketa lan horiek, dena den, Añorgako estazioaren inguruan hasiko dira, geltoki berriarekin. Horren azpitik igarobidea ere eraikiko dute.
Trazatuaren aldaketa geltokiaren ondoren dagoen eta eskuinerantz egiten duen kurbaren zuzenketarekin hasiko da, ETSk azaldu duenez. Horren ondoren, 200 metroko zatia egingo du trenak trintxeran, bide bikoitzean, Añorga Txikin, eta segidan N-I errepidearen gaineko egitura helduko da, Errekaldeko urbanizazioarekin bat egingo duena 960 metro luze izango den tunel faltsuaren ondoren.
errailen gaineko pasabidea Baina berrikuntza nagusietako bat orain artean oinezkoentzat eta trafikoarentzat Errekalden zegoen errailen gaineko pasagunea kendu eta irisgarritasuna hobetuko dutela izango da. Hala, errepide gainetik joango den igarobideak (egungoaren luzapena) errailak ere zeharkatuko ditu, egungo trenbide alturako pasabidea ordezkatuz. Eta gaineko bide horrek N-I errepidea Belartzarekin eta Errotazarrekin lotuko du.
ETSren arabera, Añorgako geltoki berria hainbat irizpiderekin diseinatu dute: Añorga Txiki auzoari zerbitzua emateko eta nasen arteko trenbide pasagunea ken-tzeko, batez ere, baina baita ere Añorga Txikiko errekaren saneamenduarekin bat etortzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak aurreikusi duen bezala.
Azkenean, geltoki berriaren kokagunea zertxobait lekualdatuko da bertan dauden eraikinetarantz, ETSren proiektuaren arabera. Behealdeko mailan dagoen atarirako sarbidea, egungo erreka guru-tzatzen duen eta azpialdeko igarobidetik zuzenean bat egiten duen hamar metroko zabalerako pasabidetik egingo da. "Goragoko mailan dauden nasetarako sarrera eskailera finko eta igogailu bidez egingo da, ataritik, mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna eta erabilerraztasuna bermatzeko", gaineratu du Jaurlaritzak. Azkenik, 400 metro luze izango duen bazterbideak Añorgako hirugarren trenbidea ordezkatuko du, bidaiarien eta merkantzien trafikoaren ustiapenaren malgutasuna hobetzeko.
Lan hauen inguruan edo Topoko gainerako ibilbidean egingo dituzten bikoizketa obrei buruz xehetasun gehiago behar dituenak Amarako geltokian du Hiritarren Arretarako Bulegoa, ETSk gogoratu duenez, astelehenetik ostiralera zabalik, goizez.
Más en Donostia
-
El PSE se desmarca del PNV y aprueba nueve medidas propuestas por EH Bildu para hacer frente a la crisis habitacional de Donostia
-
Auditz Akular, una pieza que se recupera para el puzzle de la vivienda en Donostia
-
El 100% de los 1.700 pisos de Cuarteles de Loiola serán de promoción pública
-
Donostia debatirá este viernes sobre la vivienda en un Pleno Extraordinario