xx. mende hasieran, Belle époque izenaz ere ezaguna den garai hartan, Donostia aldaketa prozesu sakon batean murgildu zen. Herrixka izaera zuen gune izatetik, errege-erreginak biltzen zituen hiri bilakatzen hasi zen.
Hala ere, hirian izandako itxuraldaketa hark pentsamoldean ere izan zuen eragina, baita ohituretan ere. 1902. urtean izandako gertakari batek argi utzi zuen bide berriak jorra-tzen hasia zela Donostia ordurako.
"Sokamuturrak deuseztatzeko eta bertan behera uzteko eskaera luzatu zuten Udaletik, garai berri horietan eta hiriaren eraldaketarekin jai horiek aproposak ez zirelakoan", azaldu zuen atzo Fermin Muñoz historialari donostiarrak, San Sebastián. Historia y anécdotas de sus fiestas azken lanaren aurkezpenean. Harekin batera Donostia Festak saileko zuzendari Maria Jesús Torres eta Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria, Arantza Urkia, izan ziren ekitaldian.
"Izugarrizko matxinada izan zen Gipuzkoako hiriburuan aldeko 16 boto eta kontrako bederatzirekin onartu zen aginduari onespena eman ziotenean", oroitu zuen Muñozek. "Hainbat arazo izan ziren, gobernadore zibilak militarrei bere tropak kalera ateratzeko ere eskatu behar izan zion, eta San Telmotik Valentziako errejimendua ere irten zen. Huraxe izan zen sokamuturraren amaiera Donostian", aipatu zuen historialariak, bere obran jasotako pasarte bati erreferentzia eginaz.
Hala ere, hura ez da Muñozek bere azken obran (idatzi duen 21.a) jasotzen duen bakarra. Euskal Jaiei, San Juan jaiari,Udako festei eta Urumean izaten ziren uretako jokoak ere aipatzen dira.
Azken horiek bereziki gogoratzen ditu idazleak. "1898 eta 1918. urte artean antolatu ziren ur jokoak Urumean. Lastima da, ordea, urteen joanarekin harriak, hondarra... pilatu egin direla ibaian eta, hori dela eta, nabigagaitza dela egun", erantsi zuen.
donostiarrak
Festa zaleak
"Liburu honen bitartez Fermín Muñozek parte-hartze, umore eta jai ororen atzean ezkutatzen den lanaren aldarrikapena egiten du", adierazi zuen Maria Jesús Torresek.
Haren hitzetan, gainera, liburu honek donostiar guztiak festarako esan ohi den bezain "geldiak" ez direla frogatzen du. "Beti ere errazagoa da 100 biztanleko herri batean bizilagunek jaietan gehiago parte har-tzea, 180.000ko hiri batean baino. Horixe da Donostian gertatu dena. Hala ere, Donostian, beste edozein hiritan gertatzen den moduan, bada festan parte hartzen duen eta ez duenik" , gaineratu zuen Donostia Festak saileko zuzendariak.
a. Etxeberria
Itzulpena
Gipuzkoako hiriburua bitan izan zen atzo protagonista, Aitziber Etxeberriak 31 bayonetas, la quema de San Sebastián itzulpena aurkeztu bai-tzuen. Koro Navarro izan da Etxeberriak 200an euskaraz idatzi zuen eleberria gaztelaniara itzultzeaz arduratu dena.
Lanak 1813. urtean Donostiak tropa angloportugaldarren eskutik jasan zuen setioa kontatzen du, baita sutea eta gerora hiria berreraikitzeko bizilagunek egin zuten ahalegina.
Beatriz da eleberriko protagonista. Gatazka belikoaren erdian, gainera, soldadu frantses baten eskakizunak iraganean Inkisizioarekin izan zituen oztopoak berriz ere azaleratzeko arriskuari aurre egin beharko dio.