Aste gutxi batzuk besterik ez dira igaro Ane Ferranek Deustuko Gizarte eta Giza Zientzien fakultateko dekano kargua hartu zuenetik. Unibertsitatea, ordea, ondo ezagutzen du, Deustun ibilbide luzea egin baitu ikasle zein irakasle gisa, baita arlo akademikoan zein kudeaketa arloan. Lanbidez gizarte langilea, enpatia handia eta taldean lan egiteko gaitasun berezia duela azpimarratzen dute gertutik ezagutzen dutenek. “Entzun, gero elkarrekin lan egiteko, hori da nire asmo nagusia”, aurreratu du egunkari honi eskainitako elkarrizketan.

Joan den irailaren 12an Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekano kargua hartu zenuen. Nola izan dira lehenengo aste hauek?

Lehenengo egunak zalapartatsu samarrak izan ziren, egoera berrira egokitu beharra nuen. Fakultatea, ordea, ez da gauza berria niretzat, Deustun ibilbide luzea egin baitut: lizentziatura, diplomatura, masterra eta doktoretza Deustun egin nituen, Gizarte Laneko graduan irakasle izan naiz, Gizarte Laneko departamentuko koordinatzaile izan naiz, eta Fakultatearen egituraren aldaketa sakonaren ondoren, Gizarte eta Giza Zientzien departamentua osatu genuenean, bertako zuzendari izan naiz azkeneko bi urteetan. Hiru arloetan aritu naiz, arlo akademikoan, kudeaketan eta ikerketan. 

"Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak aldaketa garrantzitsuak egin ditu azken urteotan bere errealitate berrira egokitzeko"

Unibertsitatea ondo ezagutzen duzu. Zein izango da zure eginkizun nagusia? 

Errektoreak dekano berriaren proposamena egiteko momentuan, mezu garbi bat helarazi zuen: dekanoak pertsonei entzun behar die. Eta lehenengo asteetan, horretan aritu naiz, Fakultateko kideekin hitz egiten. Hau ez da gauza arrotza niretzat, gizarte langilea naizenez, pertsonekin hizketan aritzea nire ohiko lanaren parte da. Entzun, gero elkarrekin lan egiteko, hori da nire asmo nagusia. 

Entzuteaz gain, izendapen ekitaldian Juan Jose Etxeberria errektoreak Fakultatean hasitako barne aldaketak sendotzeko erronka izango duzula aurreratu zuen.

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak aldaketa garrantzitsuak egin ditu azken urteotan bere errealitate berrira egokitzeko. Besteak beste, antolaketa eredu berri bat onartu eta ezarri da eta, horrekin batera, prozesuak eta egiteko moduak eguneratu dira. Logika berri horrek graduko titulazio asko berritzen eta fakultateko irakaskuntza eskaintza zabaltzen lagundu du. Aurretik egindakoari jarraipena ematea tokatzen zait, hori bai, gaurko garaiei egokituta eta nire estiloarekin. 

Eta, zein da zure estiloa?

Taldean lan egitea gustatzen zait, azpitik gora, eta Bilbo eta Donostiako errealitateetan murgilduta nago, gure fakultatea bi kanpusetan dagoelako. Egunerokotasunetik abiatuta eta behetik gora doan estiloa daukat. Baina, esaten den bezala, sutan probatzen da eltzea. 

“Gazteek mundua hobetzen lagunduko digutela pentsatu behar dugu, bestela gure lana gaizki egingo genuke”

Fakultateko proiektuari jarraikortasuna ematea, hori da errektoreak aipatu duen beste ideia nagusietako bat. 

2009an Gizarte eta Giza Zientzien fakultatea sortu zenetik, bost dekano izan ditu, gehienetan errektoreorde izendatu dituztelako. Hau ez da ohiko gauza unibertsitatean, eta horregatik proiektuari jarraikortasuna ematea da errektorearen kezka nagusietako bat. Bestalde, gurea bi kanpusetan dagoen fakultatea da, 4900 ikasle eta 200 langile baino gehiago hartzen dituena. Punta-puntako fakultatea da, berritzailea, gaur egungo Gizarte eta Giza Zientzien ezagu-tza arloen garapenean: humanitateak, hizkuntzak, komunikazioa, euskal kultura, eurokultura, turismoa, aisialdia, giza garapena, gizarte berrikuntza, gizarte lana, soziologia, giza eskubideak, balioak, etika, nazioarteko harremanak, politika eta gobernantza. Oso anitzak gara eta horrek aberastasuna ematen digu.

Fakultate anitza da zuena, eta gizarte langilea izanik, begirada zabaltzea ezinbestekoa izango da, ezta?

Hala da, horregatik entzutea oso garrantzitsua da niretzat. 

“Ikerketatik abiatuta, gizarteari ekarpena egitea da Unibertsitatearen misioetako bat”

Zein dira Fakultatearen lan ildo nagusiak?

Kudeaketari dagokionez, departamentuaren egituraketa osatu ondoren, ikerketa arloa indartzea da gure helburua. Finean, unibertsitate baten misioa zein da? Gizarteak dituen beharrei erantzutea. Lehen aipatu dut entzutea garrantzitsua dela, barrura begira entzutea, baina baita kanpora begira ere, alegia, gizarteari entzutea. Ikerketatik abiatuta gizarteari ekarpena egitea da Unibertsitatearen misioetako bat. Ikerketa da zubi-lana egiten diguna Unibertsitateko ikasketa eta gizartearen beharren artean. Ez dauka zentzurik ikerketarik gabeko ikasketak planteatzea. 

"Egia edo gezurra izatea dagoeneko ez da garrantzitsua. Ildo horretatik, pentsamendu kritikoa eta ikuspegi etikoa lantzea gure etxeko marka izan behar dira"

Eta hezkuntza eskaintzari dagokionez?

Hezkuntza eskaintzari dagokionez, graduak birmoldatu ditugu azken hiru urteotan. Donostian Komunikazioa eta Nazioarteko Harremanak inkorporatu ditugu, eta Bilbon Turismoa, Euskal Hizkuntza eta Kultura, eta Hizkuntza Modernoak. Ildo horretatik, aurrerantzean graduen eskaintza zabaltzea da gure asmoa. Graduondokoen eskaintza ere areagotu nahi dugu. 

Giza zientzien ikuspegitik, zein dira gizartearen behar nagusiak eta nola erantzuten die Fakultateak? 

Giza eskubideekin lotura zuzena dutenak, alegia, desberdintasuna, zaurgarritasuna, zaintza eredu berriak, emakumearen egoera, indarkeria… Gizarte politikak eskuartean dituen erronkak gureak ere badira, eta ari gara hainbat ikuspegitatik erantzuten. Bestalde, demokraziaren noranzkoan badugu zeresana. Ildo horretatik, gure Fakultateak ekarpenak egin ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin elkarlanean arituz gobernantzaren inguruko erronkei eran-tzuteko. Turismoari dagokionez, aisialdi eredu berrien inguruan lan egiten ari gara. Aisialdiaren ikuspegi kontsumista alde batera utzi eta eredu hezigarrien alde egitea posible da. Izan ere, beste aisialdi eredu batzuk daude, anitzak, berdintasun eta baloreetan oinarritutakoak. 

Komunikazioaren arloan ere erronka potoloak ditugu, sare sozialen areagotzearekin gero eta zailago da egia eta gezurra bereiztea… 

Uda honetan DBH-ko ikasleei zuzendutako lehen Udako Kanpusa antolatu genuen Donostian. Unibertsitatearekin lehen hartu emana da udako kanpusa. Bertan hainbat ariketa egin genituen, tartean, Tik Token bidez zabaldutako mezu bat aztertzen aritu ginen. Egia ala gezurra zen eztabaidatzen aritu ondoren, gazteak mezua sinesgarria ote zen hausnartzen aritu ziren. Hor dago koxka eta arriskua. Egia edo gezurra izatea dagoeneko ez da garrantzitsua. Ildo horretatik, pentsamendu kritikoa eta ikuspegi etikoa lantzea gure etxeko marka izan behar dira. 

Teknologia berriek ere erronka berriak jarri dituzte mahai gainean. Zentzu horretan, alderdi humanoari garrantzi handiagoa eman behar diogula konturatu gara?

Gizarte eta giza zientziak beti izan dira garran-tzitsuak, eta garai hauetan are gehiago. Teknologiak lagungarri dira, baina baloratu behar dugu zein den ordaindu beharreko prezioa. Gizakia ardatz izanik, teknologia gizakiaren zerbitzura dagoela, eta ez alderantziz, garbi izan behar dugu. 

“Pertsona ardatz hartuta eta elkarlanean oinarrituta, gure gizarteak badu etorkizuna, baina erronka asko dauzkagu eskuartean”

Gizartearen etorkizunarekin esperantza duzu?

Noski! Pertsona ardatz hartuta eta elkarlanean oinarrituta, gure gizarteak badu etorkizuna. Baina hau ez da aldarri itsu bat, gizarte bezala erronka asko dauzkagu eskuartean: zaurgarritasunak, gerrak, Mediterraneoa zeharkatzen hiltzen diren pertsonak… Gazte hauek mundua hobetzen lagunduko digutela pentsatu behar dugu, bestela gure lana gaizki egingo genuke. 

Ildo horretatik, hezkuntza prozesua ez da Unibertsitatean bukatzen, ezta?

Aspalditik esaten dugu prestakuntza ez dela Unibertsitatean bukatzen, bizitza osoa ikasten ematen dugulako. Horretarako Deustobide herritartasun eskola dugu Bilbon eta Donostian, aurtengoan 30 urte bete dituena. Pertsona guztien-tzako hezkuntza-gune irekia da, pertsona horien adina, titulazioa edo aurretiko prestakuntza edozein dela ere. Hezkuntza programa zabala dauka, tartean, Kultura eta Elkartasuneko Unibertsitate titulua, eta puri-purian dauden gaiei buruzko ikastaroak, hitzaldiak, eta abar.