Deustuko Unibertsitateak graduko, graduondoko eta doktoregoko 10.244 ikaslerekin hasi du 2023/2024 ikasturtea, “pertsonak garapen teknologikoaren erdigunean kokatu, eta Adimen Artifiziala (AA) pertsonen zerbitzura modu orekatu eta bidezkoan jartzeko” helburuarekin, Juan Jose Etxeberria unibertsitateko errektoreak karguan emandako lehen hitzaldian azpimarratu zuenez.

Unibertsitateak atzo egin zuen ikasturtearen hasiera ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bertan zirela. Lehendakariak Deustuko Unibertsitatearen jarrera, dedikazioa eta konpromisoa eskertu zituen, “mundu irekiago eta globalago honetan” bere nortasunari eutsiz eta indarrak batuz. “Deustuk ibilbidea eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen ditu, lau zutabe oinarrizkoen gainean jardunez: Gaikuntza, Lankidetza, Nazioartekotzea eta Inpaktua. Konpromiso hori eredugarria da mundu akademiko eta profesionalarentzat, baita euskal gizarte osoarentzat ere”, esan zuen. Ikasturte berrirako berrikuntzen artean, unibertsitateak lehen aditu-programa ezarriko du erakundeek AA aplikatuaren erronka etikoei aurre nola egin prestatzeko, eta Campus Sozialari buruzko proiektua ere abian jarriko du, unibertsitatearen baliabideak eta gaitasunak kolektibo kalteberen zerbitzura jarri ahal izateko.

Aurten 2.500 graduko ikasle berri hartuko ditu unibertsitateak, 6.000 sarbide-eskaera jaso ondoren. Deustuk 49 gradu, 14 gradu bikoitz, online gradu bat, LHko zentroekin elkarlanean beste bi gradu, eta teologiaren arloan ere bi titulazio eskainiko ditu.

Ikasturteko berritasunen artean, nabarmentzekoak dira, Zuzenbideko gradua online formatuan ematen hasi dela Deustu, Bilboko eta Donostiako campusetan ADE + Nazioarteko Harremanak gradu bikoitza eskaini duela, Donostian Nazioarteko Harremanak + Zuzenbidea gradu bikoitza ezarri duela, eta ADE gradu osoa ingelesez ikasteko aukera ere eskaini duela.

Joseba Segura Bilboko Elizbarrutiko Gotzainaren eukaristia eta gero, Carmen Bernabé teologian doktore eta irakasleak eskaini zuen hasierako lezioa, eta jarraian etorri zen errektorearen hitzaldia, Juan José Etxeberriak karguan luzatutako lehena.

Etxeberria pozik agertu zen Deustun prestatutako profesionalen okupazio tasarekin. “Lanbideren esanetan, gure okupazio-tasa lau puntu igo da berriro ere, % 88raino, eta enplegu osokoa ere bada titulazio jakin batzuetan. Gizarteak onik hartzen du, beraz, gure zerbitzua. Urtero ikasle kopurua handitzeak, eta unibertsitaterik onenen artean kokatzen gaituzten rankingetako emaitzek, hala erakusten dute”, adierazi zuen.