- Eneko Labakak Goñi Memorialaren garaileen zerrendan bere izena idatzi du. Afizionatu mailako jokalari nabarmenetakoa izan den Albizturko aurrelariak, txapelketa hau inoiz irabazi ez izanaren arantza kendu eta Sarasarekin batera irabazi nagusitu zen binakako txapelketan Mata eta Gaskue nafarren aurka (22-15).

Labakak hasieratik hartu zuen partidaren agintea, eta pilotari aipagarrienari ematen zaion Kirolzale saria ere berari eman zioten. Gipuzkoarrek berehala hartu zuten abantaila markagailuan (8-2). Markagailua 18-8 zegoenean, nafarrek erreakzionatu egin zuten 18-15eraino hurbilduz, baina txapeldunek ez zieten partida iraultzen utzi.

Promesetarako Lau t 'erdiko txapelketan Javi Oskoz nagusitu zen. Lantzeko aurrelariak Ruiz de Larramendi mendean hartu zuen (18-22). Lazkaotarrak hainbat erremate on egin arren, urduri samar agertu zen eta akats ugari egin zituen. Goierritarrak hamar pilota galdu zituen, sakez bi falta egin, eta ezinean ibili zen Oskozen defentsa bikainaren aurrean.

Txapelketa herrikoia, berriz, Iñaki Cruzek eta Asier Oliveirak irabazi zuten. Zumarragako Beloki pilotalekuan, gainera, omenaldi beroa egin zioten duela mende erdi Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Zumarragako taldeari.