- Kubako selekzioarekin internazionala den Dariel Garcia (197 zentimetro eta 93 kilo), 2018/2019 denboraldian iritsi zen Sacyr Asobal Ligara, Logroño La Rioja taldeak fitxatu zuenean. Orain Bidasoak eta 25 urteko Dariel Garcia Rivera jokalari kubatarrak akordioa itxi dute, hegalekoak 2023ko ekainaren 30era arte talde irundarrean jarrai dezan, klubetik atzo jakinarazi zutenez.

Aurtengo denboraldian, karibetarrak ligako hamahiru partida jokatu eta 26 gol sartu ditu; EHF European Leagueko lau partidetan, berriz, sei lortu ditu.

Kontratu berria sinatu ondoren, Dariel Garcia "oso pozik" agertu zen talde gipuzkoarrean beste urtebetez jarraitzearekin, eta eskerrak eman zizkion talde bidasotarrari berarengan halako konfiantza izateagatik. "Horrelaxe jarraitu nahiko nuke, taldeari nire ekarpena eskaintzen".

Jokalari kubatarrak Bidasoaren kantxaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan zuen, Artalekuren garrantzia, alegia: "Inoiz ez nuen jokatu hainbeste jenderen babesa eta animoa sentituz... Oso ezusteko atsegina izan da. Ea lepo beteta jarraitzen duen, giro hori lagun emaitza onak lortzen jarraitu ahal izateko".

Eta kirol arloari dagokionean, Bidasoa Irun "oso dinamika onean" dagoela nabarmendu zuen, "oso sasoi onean gaude. Denak bat eginda, eta helburuak betetzeko gogoz".

Hungariako eta Eslovakiako Europako Txapelketan parte hartzen ari den Kauldi Odriozolaz aparte, Bidasoak ez ditu aste honetan taldean izango Rodrigo Salinas (Txile) eta Matheus Francisco da Silva (Brasil) jokalariak, egun hauetan Brasilgo Recife hirian jokatzen ari den Amerika Hegoaldeko eta Zentroko Txapelketan parte hartuko dutelako.

Txapelketa horren bigarren edizioa izango da, eta bertan lau plaza banatuko dira 2023ko urtarrilean Polonian eta Suedian jokatuko den Munduko Txapelketarako.

Bi jokalari bidasotarren selekzioak B multzoan izango dira Paraguai eta Costa Ricarekin batera. A taldean berriz, Argentinak, Uruguaik eta Boliviak parte hartuko dute, pandemiaren eraginez Kolonbiako selekzioak etxean geratu behar izan baitu azken unean.