- Igeldoko Harria altxatuko dute harri-jasotzaileek gaur Donostiako Trinitate Plazan; eta biharkoan berriz, aizkolarien Urrezko Koparen txanda izango da.

Igeldoko Harria altxatzeko deman zazpi parte-hartzaile izango dira, baina itxura guztien arabera, garaipena eskuratzeko lehia Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi Urra-ren artean egongo da. Euskal Herriko harri handien txapeldun hiru bider izandako Eizmendi sei aldiz nagusitu da Trinitate plazan, bere markarik onena 16 altxalditan ezarriz. Urrak, berriz, 14 jasoaldi eginda irabazi zuen 2018an, Jokin Eizmendi bertan ez zela.

Hiru ediziotan harri txikiekin Euskal Herriko txapeldun izandako Lopetegi sasoiko etorriko da Donostiara, 31 jasoaldirekin Zarauzko Bi Harri Txapelketaren errekorra suntsitu ondoren. Zarauzko txapelketan bezalaxe, harri-jasotzaileek bizkarrean berdindu beharko duten harritzarra irregularra da, -harri baldarra-, kasu honetan 135 kilokoa. Parte-hartzaileek bost minutu izango dituzte ahalik eta altxaldi gehien lortzeko.

Gorka Etxeberria eta Aimar Galarraga oriotarrak, Beñat Telleria lasartearra, Alex Merlo bizkaitarra eta duela egun batzuk Zarautzen debuta egin zuen Paulo Azpiazu bergararra beste parte-hartzaileak izango dira.

Trinitate Plazarako sarrerak agortu dira.

Datorren urtean Igeldoko Harriaren emakumezkoen dema egiteko harria aurkezteko ere baliatuko dute aurtengo lehiaketa, eta haren pisua ere jakinaraziko da.

Gizonezkoen txapelketan erabilitako harriarekin bezalaxe, harri-jasotzaile eta Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko presidente izandako Jose Inazio Saizar -Luxarbe- arduratu da Donostiako Igeldo auzoko labarretan harria aukeratzeaz.

Joan den asteartean, Udane Ostolaza nagusi izan zen Aiako probalekuan, 50 kiloko hiru harrirekin jokatutako txapelketan. Zestoar gazteak 2.450 kilo jaso zituen guztira, eta Aroa Sánchez (2.150 kilo), Ane Zinkunegi (1750 kilo) eta Naiara Zumetari (1700 kilo) gailendu zitzaien.

Jaialdi berean, Jon Larrañagak irabazi zuen Gipuzkoako lokotx biltze txapelketa, eta ingudea altxatzen berriz, Josu Urbietak jantzi zuen Gipuzkoako txapela.

Iker Vicente Urrezko Kopa hirugarrenez irabazten saiatuko da bihar (19:00etan). Euskal Herriko txapelduna izango da faborito nagusia, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo arerio izango dituen lehiaketa mamitsu honetan.

Donostiako dema honetan Euskal Herriko Txapelketako bost aizkolari onenek parte hartu ohi dute, baina aurten aizkolariek sailkatze-proba gainditu behar izan zuten estreinakoz, eta bertan Julen Alberdi -Txikia-kanpoan geratu zen.