- Ane Mintegik, Wimbledon junior txapelketako azken irabazlea, Rebeka Masarovaren aurka galdu zuen atzo Gasteizko ITFren finalean. Idiazabalgo tenislariak amore eman behar izan zuen sekulako ikusmina piztu zuen partidan (7-6 eta 6-4).

Banakako sailkapenean munduko 720.a den 17 urteko Ane Mintegik ezin izan zuen garaitu munduko 306.a den Basilean jaiotako 21 urteko tenislaria. Masarova oso sasoi onean dabil eta, arabar hiriburuko binakako txapelketaz eta banakako txapelketaz gain, hilabete eskasean Plajta d’Aro eta Palma del Rioko ITFak ere irabazi ditu.

Wimbledongo belarrean jokatzetik Arabako hiriburuko pista gogorrean jokatzera azkar egokitu dela azpimarratu zuen Mintegik norgehiagokaren ostean: “Bi astez belarretan jokatzen aritu ondoren, azkar moldatu naiz”.

Idiazabalgo jokalariak, gainera, Ingalaterrako txapelketan nagusitu ondoren “egun endredatu samarrak” izan zituela aitortu zuen, “mundu guztiak elkarrizketatu nahi ninduen. Eta asko eskertzen dut “. Izan ere, estatu osoan junior mailako Wimbledon torneoa irabazi duen lehen jokalaria bihurtu baita Mintegi, Nastasja Schunk alemaniarrari 2-6, 6-4 eta 6-1 irabazita.

Hurrengo astetan hainbat torneo jokatuko omen ditu tenislari gipuzkoarrak Espainian, junior mailako US Open txapelketara joan aurretik: “Nire bidea jarraitu behar dut. Oso ibilbide luzea da eta ondo atera daiteke, baina baita gaizki ere”.