- 2007an L'Elianan lehen Kopa irabazi zuenetik, Bera Berak 20 titulu pilatu ditu hamabost urtetan; guztira, zazpi Liga, sei Kopa eta zazpi Superkopa, eta badu beste bat eskuratzeko aukera, Kopako XLII. edizioa maiatzaren 21etik 23ra bitartean jokatuko baita Telden.

Kostata, bai; ohorezko mailara iristea ere ederki kostatu baitzen. Garai hartako Corteblanco-Meyba Bidebietak bost igoera fase jarraian jokatu behar izan zituen estatuko eskubaloiaren elitera iristeko. 1990eko apirilaren 21ez izan zen. Behin igoera lortuta, hurrengo denboraldian mailari eusteko sufrimendua gainditu eta talde donostiarrak 31 urte bete ditu jarraian maila gorenean. Eurak dira denbora gehien daramatenak, 1989an Donostiako fasean igotzea lortu zuen Rocasa Remudasekin batera.

Ohorezko mailara iristeko bost igoera fase behar izan bazituen, Kopako beste bost final jokatu behar izan zituen lehen titulua irabazteko. Elitean debuta egin eta 17 urtera.

Orduan Akaba Bera Bera izena zuelarik, 2007an L'Elianan (Valen-tzia) jokatutako Kopan Itxakori nagusitu zitzaion final-laurdenetan, Eldari finalerdietan, eta finalean berriz, gero ligako txapeldun izango zen Cementos La Union Ribarrojari. Talde beraren aurka, 2008an Bidebietan irabazi zuen lehen Superkopa, eta 2009an Monovarreko Kopa irabazi zuen finalean Elda gaindituta.

Ohorezko dibisioan emandako lehen bi hamarkadetan, talde donostiarrak Valentziako taldeen nagusitasunera makurtu behar izan zuen, eta, ondoren, Itxako talde nafarra izan zen lekukoa hartu zuena. 2009tik 2012ra den-dena irabazi zuten, Donostiara etorri zen lehen Kopa hura izan ezik. Urteak pasa ahala, Espainiako liga betiko erreferenteak galtzen hasi zen, eta Bera Berak, aparteko ezer egin gabe eta aurreko urteetako dinamika propioari eutsiz, 2011-12 denboraldian Ligako txapeldunorde izatea lortu zuen hiru partida bakarrik galduta: Itxakoren aurkako biak, eta hirugarrena Elxen.

Hurrengo denboraldian nafarrek talde ahulagoa osatu zuten, eta Bera Berak ligak eta hirukoteak irabazten ikasi zuen. Kostata, bere ibilbide luzean beti gertatu bezala, baina Reyes Carrere taldearen buru zela lehen Liga lortu zuten azken jardunaldian Castro Urdialesen. Eta horrek arrastoa utzi zuen klubean: edonork jokatuta ere, edonor etorrita ere, irabazten ikastea. Imanol Alvarezek erreleboa hartu eta hirukotea errepikatu zuen, Aitor Etxaburuk Superkopa irabazi zuen 2014an; Montse Puchek Liga matematikoki Telden irabazi zuen bi jardunaldiren faltan, eta beste hirukote bat lortu zuen 2015-16an; hurrengo denboraldian lesioekin ezin bururik altxatu eta Iruñeko Superkopa baino ez zuen lortu 2016an.

Hurrengo urtean, ligako bosgarren titulua Barakaldoko azken jardunaldi zirraragarri batean (2018ko maiatza) eta erreleboa berriro ere aulkian. Imanol Alvarez itzuli eta Superkopa eskuratu zuen Gijonen, baita gaur egun European League deitzen den EHF Cuparen taldeko faserako sailkapen historikoa ere. Super Amara Bera Berak gozatu egin zuen Europan, baina ahalegin hori ligan ordaindu zuen; inolaz ere, 2019ko apirilean Kopa irabazi zuen Barakaldon.

Iaz, Guerreras Iberdrola 2019-20 Ligako titulua bideo-konferentziaz ospatu behar izan zuten, eta atzo zazpigarren Liga ezin pozago etxean bertan; irabazten ikasi dutela demostratuz, eta erreferenteak galdu arren errautsetatik berpizten badakitela erakutsiz. Erronka berria, bi aste barru.

Talde donostiarrak oraindik ere denboraldi honetako Kopa jokatu beharko du, maiatzaren 21etik 23ra, Kanaria Handian