- Euskal selekzioko eskiatzaileak diren Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra, Igone Campos zumarragarra eta Nahia Quincoces bizkaitarra gaurtik larunbatera bitartean Andorran ospatuko den Munduko Mendiko-Eski Txapelketan lehiatuko dira.

Hirurak ilusio handiz joan dira Andorrara, nahiz eta bakoitzaren helburuak oso desberdinak izan.

25 urteko Iñigo Martinez de Albornozek zalantza izpirik gabe aitortu du denboraldi osoan begiz jota eduki duela: "Urteko helburu printzipala da niretzat, eta entrenamenduak munduko txapelketari begira prestatu ditut. Ilusio berezia daukat esprintekin eta erreleboetan, nahiz eta jakin badakidan maila asko igo dela azken urtean". Munduko txapelketan zein modalitatetan parte hartuko duen aztertzerakoan, donostiarrak honakoa aipatu du: "Esprintetako finaletan egotea oso zaila izango da, baina helburu nagusia final horietan sar-tzea da. Dominaren bat lortzea izugarria litzateke! Erreleboetarako ere talde indartsua osatu dugu, eta azken bi mundialetan bezala (hirugarren amaitu zuten), podiumera igotzea nahiko genuke. Banakakoan eta bertikalean ere ahalegin guztiak egingo ditut, nahiz eta aurten bereziki ez prestatu. Bi proba horietan lehen 30ren artean sartzea emaitza bikaina litzateke".

Bestalde, 30 urte dituen Igone Camposek aipatu duenez, "munduko txapelketan estreinakoz lehiatuko naiz eta oso gogotsu nago. Esprintetan eta bertikalean lehiatuko naiz, bi kasuetan helburuak desberdinak izango badira ere. Esprintetan, lehen helburua sailkatzea izango da. Lehenengo lasterketa banaka egingo dugu, eta lehen fase hori gainditzeko hortzak ondo estutu beharko ditut. Aproba egin nahi dut mundu mailako esprintak nolakoak diren, eta ahal dudan guztia ikastea izango da beste helburuetako bat. Proba bertikalean, aldiz, itxaropentsuago nago. Sasoiko nagoela iruditzen zait, baina zalantzak ere baditut. Lehen hamabosten artean sartzea izugarria izango litzateke, baina ez dut horrekin itsutu nahi".

Azkenik, 38 urterekin taldeko beteranoena den eta lehia hauetan eskarmentua duen Nahia Quincocesek, honako hau esan du: "Andorrakoa nire hirugarren munduko txapelketa izango da, eta oso pozik nago. Hiru probatan hartuko dut parte: esprintetan, erreleboetan eta bakarkakoan. Esperantza handia daukat erreleboekin. Ana Alonso eta Marta Garciarekin osatuko dugu taldea, eta emaitza ona lor dezakegula iruditzen zait. Bakarkakoarentzat ere oso ibilbide polita prestatu dute, eta horretan ere ahalegin guztiak egingo ditut".