- Abenduaren 29an izango da Gabonetako Igeriketa Txapelketaren 38. edizioa. Ordizia eta Donostia artean txandaka egiten den torneoa Donostiako Paco Yoldi kiroldegian izango da aurten. COVID-19aren pandemia gorabehera, nazioarteko, estatuko eta Euskal Herriko igerilari talde ederra biltzea lortu dute antolatzaileek.

“Egoera latz honetan egon arren, nazioarteko hainbat talde datoz, nazioarteko beste hainbat igerilari, eta Espainiako parte-hartzaileen maila ere oso ona izango da, asko Espainiako talde olinpikoko kideak izango baitira. Beraz, oso kirol maila handiko igerilariek parte hartuko dute, asko olinpikoak direnak. Etorkizun handia duten hainbat gazte ere izango ditugu, eta baita KPI munduko igerilari onenak ere (igeriketa egokituari dagozkionak)”, azaldu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean.

Jardunaldia, ohi bezala, bi saiotan banatuko da, bata goizekoa eta bestea arratsaldekoa. Arratsaldekoa, gainera, EiTBk zuzenean eskainiko du “mundu guztiak izan dezan ikusteko aukera”, koronabirusaren pandemia dela eta ez baita zuzeneko ikuslerik izango kiroldegian bertan.

Parte-hartzaileei dagokionean, Frantziatik datozenen artean Pierre Henry Arrenous (Frantziar talde olinpikoko kidea) eta Nikita Báez (mugaz bestaldeko igerilaririk onenetakoa) nabarmentzen dira, baita Joann Exbrayat, Auvray Ian, Court Maxime Lucas eta Raynert Maud ere.

Nazioartetik, bestela, Chaouachi Mohamed Ali tunisiarra, Eric Ginzburg kanadarra eta Martin Melconian uruguaitarra izango dira, baita zipretar igerilari talde handi bat eta Andorrako junior mailako selekzioa ere.

Estatuko parte-hartzeari dagokionez, Claudia Espinosa, Hugo Gonzalez de Oliveira, Cesar Castro, Juan Francisco Segura eta Jaime Morote lehiatuko dira Donostian.

Euskal selekzioaren aldetik honako hauek lehiatuko dute: Maider Redin Pagalday (tximeleta-eran 100 metrotan estatuko rankingean lehena; Easo Igeriketa Klubeko igerilaria izan da 100 metroak tximeleta eran minutuaren azpitik egiten lehen euskalduna), Javier Agilar (Anaitasuna taldeko kidea) eta Mikel Bildosola izango dira. Ezin ahaztu, noski, KPI modalitatean izango diren bi igerilari gipuzkoar txapeldun: batetik, Richard Oribe (datorren urtean Tokion, berriro ere Joko Olinpikoetan izango dena); eta Nahia Zudaire (Munduko Txapelketan parte hartuko duena).

Sariei dagokienez, banakako bi sailkapen ezarriko dira FINAren taularen puntuaketaren arabera arratsaldeko A finaletan. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, txapeldunak 1.500 euro jasoko ditu; bigarrenak, 1.000 euro, eta hirugarrenak, 500. Kategoria bakoitzeko irabazleek, halaber, Donostia Hiria garaikurra jasoko dute.

Pierre Henry Arrenous eta Nikita Baez frantziarrak izango dira izen nagusiak, parte hartzaile lehiakorren multzo bikainean