- Azken jardunaldian sailkapenaren zuloan zegoen Fuenlabradaren aurka porrotak minduta utzi ditu donostiarrak. Emaitza hain eskasa jaso ondoren, Marcelo Nicolak bere lehen kritika argia egin zuen jendaurrean. Orain taldearen helburua, lehen jardunaldietako irudia berreskuratzea izango da, eta gutxienez, jokoan pixkanaka hobetzen ari den talde madrildarraren aurka lehiatzeko gauza izatea.

Estudiantes ez da aurkari txarra izan gipuzkoarrentzat azken denboraldietan; izan ere, hiru garaipen lortu baitituzte bien artan jokatutako lau partidetan. Azkena, gainera, markagailuan sekulako iraulketa erdietsita; gipuzkoarrek galdua zuten partida, eta puntu batengatik irabazi zuten (93-92) orain bi denboraldi.

Estatistikak ezer gutxirako balio du Nicolaren gizonek defentsan hobera egiten ez badute -100 puntu sartu zizkieten aurreko jardunaldian-, eta erasoan lo jarraituz gero; txapelketako erasorik eskasena dute, oraingoz 80 puntutara iritsi gabe jarraitzen dutelarik. Horretarako azken partidan apenas parte hartu zuen Magarity suediarraren premia izango dute; baita Echenique kolonbiarraren bertsiorik onena ere, Fuenlabradaren aurka eskas ibili baitzen. Partida hartan Okouo bakarrik nabarmendu zen, gipuzkoarren denboraldiko partida txarrenean argiune bakarra bilakatuz.

Acunsa Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak atzo aitortu zuenez, bere taldeak "buruz eta taktikoki" hobetu beharko du, Estudiantesen aurkako gaurko partidan aukerak izatekotan.

"Bi alor horietan hobetu behar dugu. Aurrera jarraitu behar dugu, egunero lan eginez, hobetuz, argi baitago gauza asko ditugula hobetzeko oraindik", azpimarratu du argentinarrak, taldeak animoz nahikoa jota jokatu beharko duen partidaren atarian.

Aurreko larunbatean Fuenlabradaren aurka galdu ostean (72-100) aldagelak "erreakzionatu" duela azaldu du Nicolak, baina "erreakzioa zelaian" espero du, "hasieratik amaierara arte Estudiantesen aurka lehiatuz".

GBCren entrenatzaileak ondo aztertu du aurkaria, konpromiso hori prestatzeko hiru egun baino izan ez arren, eta hauxe esan du: "Gentile, Avramovich eta Roberson estu zaindu beharko dira, puntu askoko jokalariak direlako".

"Horiez gain, gauza asko egiteko ahalmena duten beste jokalari ba-tzuk ere badituzte", ohartarazi du Nicolak, eta madrildarrak talde arriskutsua direla gailendu du, hasiera eskasa izan ostean, azken garaipenekin "konfiantza handia" hartu dutelako; eta horrek, Estudiantes, oso "aurkari arriskutsu" bihurtzen duela ohartarazi du.