- Prentsaurrekoan azaldu zen atzo IDK Euskotreneko jokalaria den Laura Garcia, Emakumezkoen Ligako talde donostiarraren egoera aztertzeko. Lehiaketak hilabete bete duenean, Toledoko eskoltak honako balantze hau egin du: "Hazten ari gara, talde gisa nortasuna izateko lanean".

Joan den larunbatean Donostiako Gascan Campus Prometeren aurka garaipena lortzearen inguruan, azken laurdenean bikain aritu zen 38 urteko jokalari beteranoak zera esan zuen: "Berdin dio azkeneko laurdenean edo lehenengoan izan. Nik, azkenean, neure esperientziarekin kantxan lagundu nahi dut, jokatzen nagoenean eta baita aulkitik ere".

Bestalde, Lugon jasotako porrotak gipuzkoarren artean utzitako zapore mingotsaren harira hau aipatu zuen: "Lugon egun txarra izan genuen. Defentsan ez ginen kontzentratuta ibili, eta bigarren zatian horrek baldintzatu gintuen han garaipena ez lortzeko".

Ligako hurrengo konpromisoa bihar bertan izango dute Al-Qázeres Extremaduraren aurka, bere ustez, "oso talde berria da, trantsizio azkarrean jokatzen duena, eta jaurtiketa asko egiten dituena. Trantsizio azkar horietan eroso jokatzen ez uztea eta defentsan partida ona egitea izango dira irabazteko giltzak". -

"Kantxan esperientzia erakusten saiatzen naiz, barruan nahiz aulkian egon"

IDK-ko eskolta