- Super Amara Bera Berak, IDK Euskotrenekin eta Donostia Kirola Patronatuarekin koordinatuta, Gasca kiroldegia ahalik eta erosoen eta seguruen izateko jarraibideak ezarri ditu. Beraz, Bera Bera prest dago ostiral honetan Gascan ikusleak har-tzeko 21.00etan hasiko den ligako partidan; bai abonuarekin, edota aldez aurretik erosi beharko diren sarrerekin.

Izan ere, Guerreras Iberdrola Ligako bigarren jardunaldia jokatuko baitute Atletico Guardesen aurka, puntu garrantzitsuak jokoan direla.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak gehienez 600 laguneko edukiera ezarri duen arren, segurtasun-distantziak bermatze aldera, Gaska 350 lagunentzat egongo da gaituta; izan ere, instalazioko ilara bakoitiak bakarrik erabiliko dira, bikoitiak hutsik utzita. Hala eta guztiz ere, bizikidetza-unitate bereko pertsonak elkarrekin eseritzea baimenduko da.

Horrela, Super Amarak, Harrotasuna & Pasioa lelopean, 2020-21 denboraldirako kanpaina abiarazi du aurreko prezio berdinean: 75 euro helduentzat eta 40 euro gazteentzat (10-16 urte) eta erretiratuentzat. Interesdunek www.berabera.eus webgunean eskubaloi atalean dagoen inprimakia bete beharko dute, eta, ondoren, kokapen zehatza esleituko zaie.

"Errealitate berriak kiroldegira sartzen den pertsona bakoitza eta pabiloian duen kokapen zehatza modu nominalean kontrolatuta edukitzera behartzen gaitu; ondorioz, sarrerak erosi nahi dituen orok (10 euro, helduentzat; 5 euro, gazteentzat eta erretiratuentzat) aldez aurretik Manteo kiroldegia webgunearen bidez egin beharko du: www.manteo.es/socio, baita berabera.eus eskubaloi atalaren webgunean ere".

"Bestalde, interesdunak 669796556 telefono zenbakira ere dei dezake argibide eta laguntza eske", azpimarratu dute.

Gascak, gainera, sarrera eta irteera zirkuituak zehaztuta izango ditu jendearen mugimendua errazteko, eta barrura sartzen diren pertsona guztiei tenperatura hartuko zaie.

Talde gipuzkoarrak abonu kanpaina jarri du abian, 75 eurotan helduentzat eta 40 eurotan gazte eta erretiratuentzat